Xole ARAMENDI ALKORTA
56. DURANGOKO AZOKA

GOGOZ ETA TENTUZ

POZIK, AURTENGOA AURREZ AURREKO AZOKA DELAKO. ETA ALDI BEREAN ADI, OSASUN NEURRIAK ZUHUR BETEZ. HORRELAXE IREKI ZITUEN ATZO ATEAK LANDAKO GUNEAK. IRRIBARREA IKUS ZITEKEEN ILARAN ZAIN ZEUDEN KULTURZALEEN AURPEGIAN.

Beso zabalik egin zien ongietorria Landakok sortzaile zein kulturzaleei Azokaren lehen egunean. Poza nabari zitekeen bertan bildu zirenen artean, Azoka egitea bera arrakasta dela jakitun, iazko irudi tristeak oraindik gogoan.

Azoka hasi hasi da, baina neurri zorrotzen artean. Korridoreetan aurten ez da ikusiko aurreko edizioetako jendetzarik, nahikoa espazio daukate bisitariek salmahaietan txukun-txukun erakusten diren argitalpenak eskuan hartu eta erosi aurretik erosotasunez begiratzeko.

Aforoaren herena sartzen da txanda bakoitzean –3.400 da aforo osoa eta 1.200 sartzen dira txanda bakoitzean–. Egunean zehar egindako bost txandetatik lau bete ziren atzo.

Goizeko hamarretarako ireki zituen ateak Azokak eta ordurako bisitarien ilara ikus zitekeen kanpoaldean. Hotzari aurre eginez kultur nobedadeak bertatik bertara ezagutu, gustuko idazle zein musikariekin une batez egon, liburu aurkezpenez eta zuzeneko kontzertuez gozatu eta aspaldiko lagunen aurpegiak –musukoak ezkutatuta bada ere– ikusteko irrikaz aurkitu genituen bisitariak. Bozgorailuetatik maiz entzuten ziren osasun neurriak betetzeko eskaerak. Eta ordua iritsitakoan –ordu eta erdiz egon daiteke txanda bakoitza– Landakotik irteteko eskaera entzun eta laster abiatzen ziren bisitariak kanpora. Puntualitate britainiarra.

Landakoren ondoan, Plateruenak gozo hartu zituen musikazaleak. Barra itxita, ez zuen aspaldiko irudia erakusten baina taldeak zein jarraitzaileak gustura ikusi genituen.

Arratsaldez euriak ez zuen barkatu eta ez zen giro Landakori buelta osoa ematen zion ilaran zain.

Azoka aldarrikapen gune izan ohi da eta atzo ez zen salbuespena izan euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu baitzuen Pantailak Euskaraz herri ekimenak. Iñigo Arandia –Tinko Euskara Elkartea–, Ibon Iza –Zinemak Euskaraz–, Alex Aginagalde –Disney Club Euskaraz– eta Izaskun Rekalde –Netflix Euskaraz– bildu ziren hedabideen aurrean.

Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bermatzeko euskalgintzak euskal ikus-entzunezko industriako eragileekin adostutako manifestua da aurkeztu zena. Dokumentuan jasotako neurriak «estrategikotzat» jo zituzten «bai gure hizkuntzarentzat, bai gure herriarentzat». «Ezinbestekoak dira neurriak etorkizunean euskaraz bizi ahal izateko», nabarmendu zuen Rekaldek.

Neurriak

Manifestuan jasotako neurriek hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea dute helburu.

Batetik, ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitu eta handitzea eskatzen du manifestuak. Bestetik, EITB indartzea eta berau euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea. Baita euskarazko streaming plataforma sortu eta gaur egun abian diren streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatu eta areagotzea. Ezinbestekoa ikusten dute, era berean, zinemaren lege propioak sortzea eta bideo jokoetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea. Baita espainiar eta frantziar estatuetako kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea ere.

Halaber, Madrilgo Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrari zuzenketa aurkezteko asmoa iragarri zuten. Ikus-entzunezko plataformetako katalogoaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galizieraz egotea adostua zegoenean lehen zirriborroan kuota hori ezarri da, baina soilik Estatuan egoitza duten plataformei eragingo die. Beraz, besteak beste Netflix, HBOMax eta Amazon Primek ez dute eskakizuna bete beharko.

Urtean zehar egindako kanpainetan 30.159 sinadura bildu dituzte denera.