Maite UBIRIA BEAUMONT
hiriburu

U8ko martxak ekimen indartsuago bat abian jartzeko fasea irekiko du

Eremu ezberdinetako 40 bat ordezkari bildu ziren atzo goizean Hiriburuko La Perle aretoan. Bake Bidea elkarteak deituriko bileraren ostean agerraldi jendetsua egin zuten, heldu den urtarrilaren 8an Baionan antolaturiko manifestazioa indar erakustaldia izan dadila eskatzeko. Hiru tokitatik abiatuko den martxa presoen egoerari behingoz irtenbide emateko «ekintza indartsuagoz» osaturiko fase berri batendako abiapuntu izanen da.

Urtarrilaren 8an iraganen den manifestazioa prestatzeko xedez lan bilkura baterako deialdia zabaldu zuen iragan azaroaren 24an Bake Bidea elkarteak. Frederic Haranburu Xistor Lannemezango kartzelatik atera zenetik lehen urteurrena egunez egun bete zen data horretan sare sozialetan zabalduriko bideoaren bidez presoen egoerari irtenbidea emateko dinamikari bultzada berria emateko deia zabaldu zuten bakegileek.

Lehenengo hitzordua atzo jarri zuten Hiriburun eta 40tik gora ordezkari bertaratu ziren La Perle aretoan finkaturiko bilkurara. Horren ondotik, agerraldi jendetsua egin zuten, urtarrilaren 8ko manifestazioaren afixak eskuetan, sektore eta eskualde ezberdinetatik heldutako herritarrek. Materiala berreskuratuta, herriz herri lan dinamikak plantan emanen dituzte “Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin” leloa haizeratuz Baionan eginen den martxari begira.

Izan ere, aurten aldaketak izanen dira manifestazioari dagokionez. Lehen aldikoz manifestazio buru bakarra egin beharrean hiru toki ezberdinetatik abiatuko da mobilizazioa. Tenore berean, 15.00etan, Laugatik, tren geltokitik eta Euskaldunen Plazatik abiatuko dira ondotik antolatzaileek atzo zehaztu ez zuten eremuan elkartuko diren hiru zutabe horiek. Antolaketa aldaketak presoen egoerari buruzko dinamika berritzeko eginiko hautua irudikatzeko balio dezake. Finean, Parisek preso eta iheslarien auziari «ez diola inolako konponbiderik atzeman» salatzearekin batera, «frantziar Gobernuaren inertzia eta terrorismoaren aurkako fiskaltzaren karmintasunaren aitzinean» mobilizazio fase berri batera pasatzeko asmoa agertzeko baliatu nahi dute manifestazioa. Horregatik, agerraldian Anaiz Funosasek eta Jean-Daniel Elichiryk nabarmendu zutenez, inoiz baino gehiago herritarren indarra beharrezkoa izanen da «ekintza indartsuagoak, determinatuagoak» plantan ematea aurreikusten duen fase berriari hauspoa emateko. Azaldu zutenez, dinamika berriari lotu nahi zaion orok «aktiboki izen emateko parada izanen du» U8an.

Kartzelaldiaren 31. urtean sartu diren presoei irtenbide ematea urjentea dela nabarmenduko du martxak, bereziki 70 urte baino gehiago duten Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal presoen egoerari erreparatuz.

Aieteko Adierazpenaren bidetik, 2011z geroztik, aniztasunetik, Ipar Euskal Herrian aurreratutako bidea nabarmendu ostean, «lan hori guztia egin ondoren, ez dugu gibel eginen», oharra egin zuten atzo Hiriburun bildutako eragileek.

2019ko maiatzaren 17an, G7 goi bileraren atarian Biarritzera bisitan etorri zen Emmanuel Macroni mezu irmoa helarazi zioten. Bake prozesuaz ari zela, «ez dezagun utzi Historia errepika dadin, laguntzea da gure eginbeharra», adierazi zuen agintariari hitzetatik ekintzetara igarotzeko agindu zioten.

«Inork ezin ditu bazterrean utzi gatazkaren konponbidearen eta elkarbizitzaren alde lurralde honetan izan diren bilakaera nagusiak», gehitu zuten, zehazki hautetsiek, gizarte zibilak, alde guztietako biktimek eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eginiko ekarpenak aipatuz.