GARA Euskal Herriko egunkaria
2. MAILA

Etxeko eraginkortasuna eraman nahi du Eibarrek maletan


ZARAGOZA-EIBAR

Etxetik kanpoko azken hiru partidetan ezin irabazi eta, La Romaredan saiatuko da Eibar gaur. Orain arte etxeko garaipenekin nahikoa izan dute armaginek igoera zuzeneko postuetan jarraitzeko, baina atzetik datozen aurkarien presioak Ipuruan erakusten ari diren eraginkortasuna maletan sartzera behartu ditu.

Erronka ez da erraza, ikusi besterik ez dago Zaragozak hiru partida bakarrik galdu dituela. Irabaztea ere dexente kostatzen zaio Aragoiko taldeari –hamar berdinketa eta garaipen bakarra lortu zituen denboraldiko lehen 13 jardunaldietan– baina azkenaldi honetan bide hori ere ibili du.

Gaizka Garitanoren ustetan, aurkariak «oso jokalari onak ditu, oso dinamikoak, oso azkarrak. Bariante asko dauzka zelai erditik aurrera eta, gainera, gol gutxi jasotzen ari da». Orain arte efikazian izan du bere ahulgune handiena baina, konponduz gero, «aurreko postuetan egon daitekeen taldea» litzateke.

Garitanok «ohiko» hamaikakoa zelairatuko du, Kopan egindako aldaketen ondoren.