Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Haleiwa Challenger: Lehiakide berriak zehazten

Challenger Series itzuliko azken txapelketa amaitzear da Haleiwan (Hawaii).Pixkanaka datorren urtean lehen mailan izango diren lehiakide berrien izenak azaleratzen ari dira eta datozen orduetan 2022ko denboraldian CT eta WCT zirkuituetan izango diren 38 mutil eta 17 nesken izenak zehaztuko dira.

Azken orduak erabakigarriak izan dira Hawaiiko Oahu uhartean egiten ari diren Challenger Series itzuliko azken txapelketan, baina datozen orduak are eta erabakigarriagoak izango dira, abenduaren 7a baita Haleiwako txapelketa amaitzeko azken eguna (kontuan izan behar da Euskal Herrian 10 ordu aurreratuak gaudela).

Pixkanaka osatzen ari dira 2022. urtean lehen mailan izango diren nesken zein mutilen zerrendak, baina oraindik betetzeko postu ainitz geratzen dira eta postu horiek nork beteko dituen datozen orduetan jakin ahal izango da. Horren ostean, amaitutzat eman daiteke aurtengo WSL itzulia.

Ado eta Canales oraindik lehian

Aurtengo nesken (WCT) zein mutilen (CT) lehen mailako zirkuituak lehen bost postuetan amaitu zituzten lehiakideez gain, tantaka-tantaka datorren urtean lehen mailan izango diren beste surflarien izenak azaleratzen ari dira Haleiwako txapelketak aurrera egin ahala.

Ezustekoak ere izan dira, izen batzuk orain arte guztiz ezezagunak baitziren eta, aitzitik, famatuak diren beste batzuk kaleratuak izan baitira, Michel Bourez kasu. Azken urteetan lehen mailako lehiakide indartsuenetako bat izan arren, tahitiarrak ez ditu Challenger Series itzulian behar adina puntu bildu eta lehen mailan jarraitzeko aukera oro galdu du.

Lehen mailara igo ahal izateko Challenger Series itzulian parte hartzeko postu bat irabazi zuten euskal surflariei dagokienez, aukerak ezabatzen joan dira Haleiwako txapelketak aurrera egin ahala. Mutilen kasuan ez da gehiago euskal ordezkaririk, Ruben Vitoria zarauztarra lehen errondan kaleratua izan zen eta Aritz Aranburu, ostera, bigarren errondan kaleratu zuten.

Nesken kategorian, Challenger Series mailara iritsi ziren Nadia Erostarbe zarauztarra eta Garazi Sanchez-Ortun sopelarra ez ziren izan Hawaiin, baina Leticia Canales eta Ariane Ochoa bizkaitarrek, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiar gazteak eta Pauline Ado hendaiarrak parte hartu zuten Haleiwan.

Txapelketa azaroaren 26an hasi zen eta ordutik nesken zein mutilen errondak partekatuaz egin du aurrera Haleiwako lehiaketak. Soilik 16 urte dituen Janire Gonzalez-Etxabarri lehen errondan kaleratu zuten eta baita Ariane Ochoa ere. Bilbotarra 0’03 puntuko aldeagatik kaleratu zuten, beraz bereziki mingarria izan zen Ochoaren kaleratzea.

Pauline Adok eta Leticia Canalesek, berriz, lehen postuan gainditu zuten lehen errondako txanda. Nahiz eta itsasoko baldintzak zailak izan, korronte indartsu bati eta bi metroko olatu narrasei aurre eginaz, ariketa ziurrak eta indartsuak egin zituzten Haleiwako eskuin olatuetan eta aise garaitu zituzten euren aurkariak.

Atzo, Euskal Herrian arratsaldeko zazpiak zirenean berrekin zioten Haleiwako txapelketari, baina mutilen final-laurdenetako lehiakideak izan ziren itsasoratzen lehenak; ondorioz, artikulu hau amaitzerako orduan oraindik egiteke ziren Canales eta Adoren txandak.

Izen berriak denboraldi berrian

Haleiwako txapelketa da aurten lehen aldiz estreinatu den Challenger Series itzuliko laugarren eta azken txapelketa. Lehiaketa hau amaitzen denean, lehiakide bakoitzak eskuratu dituen hiru emaitza hoberenak hartuko dira kontuan. Challenger Series itzuliko emaitzez gain iazko QS itzuliko emaitza hoberena ere kontuan har daiteke hiru emaitza hoberenen batuketa egiteko.

Gauzak horrela, hiru emaitza hoberenen batuketari esker puntu gehien biltzen dituzten surflariak izango dira datorren urtean lehen mailan aritu ahal izango direnak. 38 surflari mutilen CT zirkuituan eta 17 nesken WCT zirkuituan. Lerro hauek idazteko orduan (abenduaren 5a), soilik 7 neska eta 13 mutilek zuten ziurtatua euren plaza lehen mailan, baina azken orduetan zerrendak luzatu dira zalantzarik gabe.

Nesken mailan, WCT itzuliko lehen bost sailkatuez gain, honako hauek dira datorren urterako lehen mailan postu bat ziurtatua duten lehiakide berriak: Brisa Hennessy Costa Ricako surflaria eta Gabriela Bryan hawaiiarra.

Mutilen kategorian, CT zirkuituko lehen bost sailkatuei beste zortzi izen gehitu zaizkie azken orduetan: Ezekiel Lau eta Imaikalani de Vault hawaiiarrak, Liam O’Brian, Conor O’Leary eta Callum Robson australiarrak, Jake Marshall eta Nat Young estatubatuarrak, eta azkenik, Lucca Mesinas, gizonen kategorian inoiz lehen mailara igotzea lortu duen lehen surflari perutarra.