GARA Euskal Herriko egunkaria
56. DURANGOKO AZOKA

Gozo hartu ditu sortzaileak zein musika zaleak Plateruenak

Landako kanpoaldeko bi karpak utzi eta Ahotseneko musika aurkezpenek Plateruenan hartu dute babes. Baldintzak hobetzea ekarri du –giro epelagoa eta soinu kalitate ona– eta pozarren daude musikariak zein antolatzaileak, nahiz eta talde gutxiagok izan jotzeko aukera. Formatu aldaketa ere ekarri du lekualdatzeak.


Iaz, halabeharrez, otu zitzaien antolatzaileei disko aurkezpenak Plateruenan –ordurako ateak itxita zituen kafe antzokiak– egitea. «Hain espazio txukuna bertan hutsik edukita aukera ona iruditu zitzaigun, gure behar guztiak asetzen baititu; eta ohore bat da», adierazi zion atzo GARAri Miren Narbaiza Ahotsenearen koordinatzaileak.

«Lehen bi karpa izanda talde gehiago sartzen ziren eta aurten batzuek kanpoan geratu behar izan dute, baina segurtatzen du ganorazko baldintzak eskaintzea musikariei», jarraitu zuen. Streaming bidez ere jarrai daitezke saioak aurten eta horiek ere kalitate hobean eskaini daitezke.

Hibaik atzo eguerdian aurkeztu zuen bere azken diskoa. «Esklusiban, aurreko bost urteotan, jarraian, egin dudan bezala. Azokan soilik dago nire musika entzuteko aukera, ez Spotifyn ez online ez baitago entzungai. Musikarekiko eta kulturarekiko konpromiso handia daukat eta saiatzen naiz urtean zehar sortutako musika diskoan biltzen. Eta Azokan aurkezten dut estreinakoz».

Plateruenak baldintza hobeak eskaintzen ditu zuzeneko aurkezpenak egiteko. Horretan bat datoz denak. «Oso positiboa da, eta seguruenik da pandemiak Azokari eman dion gauza on bakarra. Abenduan, kanpoaldean hotz handia egiten du eta, bi agertokirekin, aldaketak eta soinu probak egitea deserosoa da. Plateruenak beste erosotasun bat ematen du eta gustatuko litzaidake datorren urtean ere bertan mantentzea; ona da musikarentzat», esan zuen Hibaik. Banda osoa –hamar musikari– eszenaratzeko aukera baliatu zuen Plateruenan, karpan ezin. Willis Drumond taldea gaur elkartuko da bere zaleekin. Bat dator Jurgi Ekiza. «Kontzertuentzako kristoren lekua da. Aretoa oso polita da eta soinua bera hobea da».

Larunbatean jo zuen Eneritz Furyak. «Oso gustura egon nintzen. Lantaldea txalotzekoa da eta oso garbi neukan zer egin nahi nuen. Pozik geratu nintzen kontzertuarekin eta jendearen erantzunarekin».

Tomas Lizarazu eta Bulego taldeko kideek ireki zuten Ahotsenea joan den larunbatean. Sarrerak agortu zituen azkenaldian Euskal Herriko musika eszenan protagonismoa hartu duen azkoitiar taldeak. «Oso polita izan zen, entzuleak kantuak abesten ikusi genituen. Teklatua eta gitarra akustikoarekin emanaldi berezia prestatu genuen Azokarako. Kantuak gordinago eta gozoago. Eta publikoak eskertu egin zuen», gogoratu zuen.

Formatu berria

Formatu aldaketa ekarri du Plateruenara aldatzeak. Lehen bi agertokitan banatu, saio bat hasi, bestea bukatu, etengabeak ziren musika saioak. Orain, pandemiak hala behartuta, ordu erdiko atsedenaldiak egiten dira aurkezpenen artean eta horren ostean Plateruena erabat hustu egiten da, hurrengo emanaldiko entzuleak sar daitezen.

Balorazio positiboa egin zuten aurkezpenen arteko hutsarteez. «Saio bat hasi eta berehala bestea amaitzea akigarria ere bada batzuetan, ez digu denborarik ematen digestioa ere egiteko. Aproposa iruditzen zait bata eta bestearen artean pausa egitea», kontatu zuen Ekizak.

«Zergatik bultzatu behar dugu kontsumo mota hori? Dena jarraian, ohartu ere egin gabe», bota zuen galdera Eneritz Furyakek. «Hala ere, ez daukat ezer txarrik esateko aurreko formatuaz ere», zioen.

«Karpak pasean zebilenari bost minutuz aurkezpen batera sartzeko aukera ematen zion, baina Plateruenak beste goxotasun bat du. Kontzertuetarako prestatuta dagoen lekua da, soinua beste bat da, eta bi agertoki ez egoteak ematen dizu abagune gehiago gauzak hobeto prestatzeko. Aukeran nahiago Plateruena, gainera, berdindu egiten gaitu guztiok; orain ez da gertatzen talde oso ezagunek kontzertua bertan ematea eta hain ezagunak ez direnek karpan. Baina egia da kontzertu gutxiago direla, hori ere bai», kontatu zuen Eneritz Furyakek. Abeslariaren esanetan «gogorra» da disko baten aurkezpena denbora tarte laburrean ematea. Kantuak dosifikatu ala trinkotu egin behar dituzu. Nire kasuan bost abesti eskaini nituen, denak jarraian, eta azalpenak kantua martxan zela eman nituen, nolabait esan», zioen irribarrez.

Plateruenako taberna itxita egoteagatik atsekabea adierazi zuten denek. «Pena da, hura zen Azokaren bihotza ere. Zerbait galdu dugu batetik eta ea musikaren bitartez lortzen dugun lekua berreskuratzea», adierazi zuen Ekizak. «Euskal Herriko oso plaza inportantea da. Orain egun batzuetan irekita egoteak poza ematen du», gaineratu zuen Bulegoko kantari Tomas Lizarazuk.

Plaza

Azokak sortzaileei eskaintzen dien plaza nabarmendu dute. «Aurrerapauso interesgarria izan da Ahotsenea musikarentzat eta musikazaleentzat. Beti hobe da zuzenean ikusi eta entzutea eta gogoa ematen dio jendeari zure musika erosteko. Bestalde, talde ezezagunak bertatik bertara ezagutzeko aukera da eta musikariontzat publiko berriarentzat jotzeko aukera», kontatu zuen Ekizak.

Ahotsenea pausu inportantea izan zen Eneritz Furyaken esanetan. «Euskal musikaren ekarpenak asko dira eta ez dute beti aukerarik publiko orokor baten aurrean erakusleihoa izateko. Eta urtez urte fintzen joan dira nola eta ze aukera eman musikariei eta publikoari. Nola eman leku atsegina musika jakin bat ezagutu edo berriz gozatzeko; eskertuta nago».

«Standean gaudenak pertsona arruntak gara eta agertokian eskaintzen dugu musika. Hori da zuzenekoaren grazia, hezur-haragizko norbait musika egiten edo jotzen ikustea. Gero etxean entzuteko saltzen duzu diskoa, baina benetan magia daukana oholtzan dago», gaineratu zuen.

Solasaldiak

Zuzenean musika joz bakarrik ez, solasaldi formatuan ere aurkezten dituzte euren lanak musikariek. Atzo arratsaldean bere lan berriaren berri eman zuen Jon Maiak. «Lanean parte hartu duten kideak beste proiektuetan dabiltza, batetik, eta zuzenekoetan proiekzioak eta sartuko ditugunez nahiago nuen formatua gutxitua ez erakutsi. Liburu-diskoa izanik, kantuaren gorazarrea da, solasaldiaren aukera egin dut», kontatu zuen.

Bere jarraitzaileekin hitz aspertua egiteko beta eskaintzen diote aurkezpenek. «Oso polita da jendearen istorioak entzutea. Nire kantuei buruz hitz egiten didate, abestiaren inguruan gertatutako zerbait, kontu hunkigarriak ere bai tartean. Nire kantuen harira sortutako kontuak bueltan etortzen zaizkit eta haien beroa sentitzen dut».

Musikaz gain literatur solasaldiak ere badira Ahotsenean eta aurten berrikuntzekin etorri dira. 60 aurkezpenetik gora hartu ahal izateko Musika Eskolara zabaldu dituzte lehen aldiz.