Maite UBIRIA BEAUMONT
Baiona

Auziaren mamia aztertu gabe atxiki diote debekua Oier Oari

Parisko Auzitegiak bere aurkako lurralde debekua atxikitzea deliberatu ondoren Larresoron familia duen Oiek Oak ezin ezingo du etxera itzuli. «Juridikoki zinez ulergaitza» dela erabakia azaldu du Amaia Rekarte abokatuak. Hego Euskal Herrira bueltatzera behartuta, «frantses Estatutik kanpo bizi dela frogatzeko aski elementurik ez» dela uste du epaitegiak.

Urtebete darama Oier Oak Hego Euskal Herrian. Lagun batek berari, emazteari eta hiru semeei Zugarramurdin eskainitako etxetik jardun du denbora horretan lanean Baionako Bernat Etxepare lizeoko hezitzaileak. Bada, atzo, Parisko Dei Auzitegiak «frantses lurraldetik kanpo bizi dela frogatzeko aski elementurik ez» dela ebatzita bere auzia berriro inoren lurrean utzi zuen. Otsailean aztertuko du bere dosierra Baionako Auzitegiak.

2020ko azaroaren 25ean Hiriburun kontrol batean atzeman zutenetik, Hego Euskal Herrian bizitzera behartua izan da 2015ean kartzela atzean utzi zuenetik Larresoron errotu den donostiarra. Kartzela zigorrari gehitutako lurralde debekuak eragindako egoerarekin amaitzeko borroka luzea eraman du Oak. Preso ohiak bi aldiz aurkeztu zuen lurralde debekua kentzeko eskaera, baina bi eskaerok errefusatu zizkioten.

Oraingo auzian, mamia aztertu ordez prozedura bera zalantzan eman zuen atzo, Dei Auzitegiak. Azaroaren 8an Parisen iragan zen auzian lurralde debekuak Oaren familiarengan dituen «neurriz kanpoko ondorio kaltegarriak» nabarmendu zituen Amaia Rekarte abokatuak. Bestalde, ohartarazi zuenez, Euskal Herriko egungo testuinguru sozial eta politikoa aintzat hartuta, ezin zaio «ordena publikoa lanjerean jartzearen irizpideari heldu» Oarenaren gisako zigorrak luzatzeko. Alta, abokatu orokorrak «garaian terrorismoaren aurkako fiskalak baino jokabide itxiagoa» agertu zuen. Atzoko erabakia «juridikoki ulergaitza» zaio Rekarteri. Deliberoa jasotzean, Kasazio Epaitegira jotzeko aukera aztertuko du abokatuak.

Hainbat eragilek erabakiak duen larritasunaz oharra egin zuten atzo. EH Baik «preso eta iheslariei ezartzen dizkieten salbuespen neurriekin amaitzeko tenorea» dela adierazi zuen. Oier Oak Larresoron bizitzeko eskubide osoa duela nabarmendu zuten, bestalde, Bakegileek.