Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Memoria izoztua

Ilara luzea osatzen, noiz sartu zain. Zenbait gauza, gurean soilik gertatzen dira eta Durangoko Azokan sartzeko osatutako ilara perfektua horren seinale da. Apaletan liburuak ordenatzen ditugun bezala itxaron dute hamaika lagunek euriari aurre eginez, esku izoztuak patriketan sartuta.

“Bihotz izoztua” geratu zaigu Almudena Grandesen heriotza goizegi jazo dela uste dugunoi. “Corralillo de rojos” esaten zioten bere gorpua gordeko duen hilerriari. Urte luzez, bertan lurperatutakoen izenak memoria kolektibotik ezabatzen saiatu dira gerra irabazi zutenak. Baina memoria, hilerrietan baino, guk gorde dezakegu. Jose Saramagoren kasuan egin bezala, ehunka lagun hurbildu ziren Almudenari azken agurra ematera, berak idatzitako liburuak eskuetan zituztela.

«Ez nuen bere lana kasik ezagutzen, baina gustuko nuen bera hor zegoela jakitea». esan dit lagun batek idazle madrildarrak utzitako hutsuneaz ari ginela. Durangoko Azokari buruz gauza bera esan genezake. Asko dira bertara hurbiltzen ez direnak, baina euren herria ez litzateke bera izanen azoka barik.

Hizkuntza garatzeko eskubidea aldarrikatzen dugunok pribilegioak aldarrikatzen ditugula sinetsarazi nahi dute, horretarako besteak zapaltzen ditugula esanez. Literatura ez da luxua, eskubidea baizik. Eta desagerrarazi nahi duten herriaren memoria gordetzeko tresna ere bai.