DEC. 10 2021 AZKEN PUNTUA Negua errepideetan Iker Ibarluzea Meteorologoa Elur melur, ez nauk hire beldur. Badiat etxean arto eta egur». Garai bateko esaera zaharra eta oraindik ere aplikagarri dena, azken egunetan eman baitu zeresana elurrak, batez ere, Nafarroan. Elurrak lehenbizi erasaten duen eremua errepideena izaten da normalean eta ondotxo dakigu errepidean goazenean elurrak zer-nolako arazoak sortzen dituen; batez ere, bigarren mailako errepideetan. Baina askok uste dutenaren aurka, errepidean gabiltzanean badira etsai are gaiztoagoak meteorologikoki hitz eginda. Batetik, euri izozkorra dugu. Gau oso hotz baten ostean, lurrazala eta lurrazalarekin kontaktuan dagoen objektu oro zeropeko balioetan badago eta une berean metro gutxi gora eginda, tenperatura positiboekin euria hasten badu, euri hori objektu hauekin kontaktuan sartzean izoztu egiten da. Ez da ohiko fenomenoa, baina bai oso arriskutsua. Bestetik, izotz beltzak, hodeitsu dagoenean sortzen denak, ere kalte nabarmenak eragin ditzake. Bada elurra baino arriskutsuagoa eta aldi berean ezaguna den fenomenoa: txingorra. Txingorra izotz kristalez eratua dago eta ibilgailuak irrist egiteko askoz aukera handiagoa du bertan. Klima aldaketaren testuinguruan, fenomeno hauek areagotzen joango dira, errepideetako zirkulazioa zailduko dutelarik datozen urteetan. Zentzuz joka dezagun eta zain dezagun elkar, halako eguraldia ez da-eta txantxetan hartzeko moduko kontua.