Josu Arotzena
KOLABORAZIOA

Pasaportearen eta birusaren aldaerak

Albo-ondorioak badirela onartuta ere, estatistika datuetan oinarrituta, txerto kanpainen aldekoa naiz. Sor dezaketen onura kaltea baino askoz handiagoa dela frogatzen du estatistikak.

Kutsadura ahuldu edota aldaerak moteldu ditzakeen neurrian, soluzio indibidualtzat baino konpromiso sozialtzat ulertzen dut txertaketa. Hala, CureVac txertoaren ikerketan boluntario gisa aritzeak beste aukera bat denon eskura izateko desioa du niregan.

Bat egiten ez badut ere, errespetatzen saiatzen naiz bai txertaketa norberaren zilborrari begira eginiko ekintza dela pentsatzen duena, bai eta ez txertatzea erabakitzen duena ere. Aukera dudan neurrian, argudioak erabilita, horiek iritziz aldarazten saiatuko naiz.

Baina covid pasaportearen erabakiarekin ez dut bat egiten.

Mundua globalizatu zaigun/ dugun neurri berean globalizatu zaizkigu gaixotasunen kutsadurak. Europatik Ameriketara eramaniko baztanga eta elgorriaren kasuak ikastolan ikasi genituen. Zientziak badaki birusa zenbat eta traba gutxiagoz zabaldu, orduan eta arrisku handiagoa dagoela txertoen babesa gaindituko duten aldaerak eratzeko.

Irtenbideak ez al du globalizatua izan behar? Mundu mailako txertaketa masibo eta koordinatuak hamaika herrialde garatutan hirugarren dosia jartzeak baino eragin nabarmenagoa luke? Zeintzuk dira erabaki horretarako mugak?

Mugaz betetako Europa ezagutu genuen, bai. Herrialde batetik bestera iragatean, pasaportea erakutsi behar genuen muga izeneko lerro artifizialean. Schengen eremuarekin pasaportea erakutsi behar ez izatearen aldaera gertatu zitzaigun. Geroztik, Erresuma Batura pasaporterik gabe joateko aukera joan zaigu. Eta orain zer?

Autodeterminatzen jarraitzen dugun honetan, jatetxe, ekitaldi eta hainbat aretotara sartzeko pasaportea ezarri zaigu. Nazio berriak sortu zaizkigu. Suediako enpresa batek bere publizitatean dioen “ongi etorri nire jatetxeko/aretoko errepublika independentera” leloari, gehitu: “Baina pasaportearekin”. Pasaportearen aldaera honek duen benetako helburuaz galdegin diozue zuen buruari? Zein da orain polizia?

Pasaportearen aldaerak ez du birusaren aldaera arriskua geldituko; poliziak eta hirugarren dosiak ere ez. Txerto-elkartasunak gera dezake soilik; hala uste dut behintzat. Munduko populazioa zenbat eta txertatuago izan, orduan eta aukera handiagoa dago aldaera eta birusa desagerrarazteko, zientziak dioenez. Horretarako, tokian tokiko pertsonen %100a hamaika dosiz txertatzea baino garrantzitsuagoa da herrialde arteko desoreka ahalik murritzena izatea; munduko biztanle guztiek txertatzeko aukera izatea, alegia.

Beraz, herrialde desberdinetako aurrekontuak negoziatu eta erabakitzen ari garen unean, ba al dugu elkartasun politika komunitarioa egiteko gaitasunik? Ba al da mundu mailako erabakiak hartzeko aldaeraren alde egiteko ausardiarik? Ala tokian tokiko LABI politikoen zilborrari begira, gaixorik dagoen gizartearen desagertzea noiz gertatu zain geratuko gara?

Pasaportearen aldaera baino politiken aldaera eraginkorragoa izango delakoan, txertatze-elkartasun gehiago eta polizia gutxiago!