GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Elezkano eta Zabaletaren hirugarren puntua Laso eta Imaz garaituta


Hasi eta buka, Zabaleta jaun eta jabe izan zen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan. Gustukoa du eta igartzen da, nabari den moduan egungo atzelari indartsuena dela. Bere babesean, fin aritu zen Danel Elezkano ere, eta jokoan bederatzi tanto egin zituen. Partidaren bigarren erdian ibili zen hobeto Zaratamokoa, Laso bera ernegatzeraino. Bizkarretakoak arriskatzeko hautua egin zuen eta hasiera batean ikuskizuna eman bazuen ere, huts egiten hasi zenean gorrien garaipena gero eta gertuago ikusten zen. Hamar pilota huts egin zituen Lasok eta azkenerako amore eman behar izan zuen (22-11). 12-8ko markagailuarekin iritsi ziren bigarren erdira eta hortik aurrera kasik geldiezinak izan ziren gorriak (10-3ko partziala).

Hirugarren garaipena lortu zuen Aspeko bikoteak eta uneotan liderrak dira Elezkano eta Zabaleta. «Etorriko dira garai eskasagoak eta garrantzitsua da hasieran puntuak batzea», esan zuen Elezkanok. «Bikote gisa ondo ulertzea» da bere ustez emaitza onen giltzarria.