EDITORIALA
EDITORIALA

Militante eredugarriak ekimen bikain baterako

Mende bat igaro dela dirudien arren, aste honetan Luhusoko operaziotik bost urte besterik ez dira beteko. Alegia, datorren urteko udaberrian ETAren armagabetzearen bosgarren urteurrena beteko da. Harrigarria da ekimen horren bitartez lortu zen guztia. Ez soilik armagabetzeari zuzenean dagokionez, alor horretan helburu guztiak bete baitziren, baizik eta ikuspuntu politiko orokor batetik ere. Luhusotik Baionarako bidea herri txiki bateko gizarte zibil antolatu, autonomo, eraikitzaile eta azkar batek lor ditzakeen helburu handien erakusgarri izan zen.

Aieteko hamargarren urteurrenaren harira, espainiar Estatuak bakegintzan izandako jokabide ulergaitza nabarmendu da. Armagabetzearen alorrean beste inon baino argiago ikusten da bere jarrera saboteatzailea. Honela nabarmendu zuten nazioarteko adituek: bake prozesuen historian ez da sekula horrelako jokabide ergelik ezagutu. Salbuespen horrek, ordea, ezin dezake estali benetan aparta dena: armagabetzea azken muturreraino eramateko euskal gizarte zibilaren ausardia eta argitasuna, hain zuzen ere. ETAk bai armak baita armagabetzearen kudeaketa ere gizartearen esku utzi izana ere zinez aipagarria da. Ipar Euskal Herriko hautetsien ekarpena oso garrantzitsua izan zen. Artifizialki simulatu ezin daitekeen saio emankorra.

Ekimena, bere aurrekariak eta emaitzak, ezin dira bertan inplikatutako pertsonak aipatu gabe ulertu. Balioen ikuspuntutik, beren konpromisoa, elkartasuna eta jarraikitasuna nabarmendu daitezke. Bakegile horietatik hiru hil egin dira azken bost urteotan. Mixel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana, hurrenez hurren. Beatrice Molle-Haran, Txetx Etcheverry eta Stephane Etchegarayrekin batera hasieran, eta beste ehunka lagunekin ondoren, ilun zen askatasunaren eta justiziaren aldeko bidea argiztatu zuten. Munduari irakaspen ederra eman zioten, euskal jendarteak aldiro gogoan izan behar duen lezioa.