GARA
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Bidasoaren Europako hil edo biziko bira Suitzan hasiko da

Pfadi Winterthur aurkari zuzenari bisita egingo diote gaur gipuzkoarrek (18.45).

Covid-19ak gogor kolpatu du Bidasoa-Irun. Bi aste jokatu gabe igaro ostean, bi porrot pilatu dituzte irundarrek jarraian: Wisla Plocken aurka Europan eta Benidormen kontra Asobalen –bi partidak gol bakarreko aldearekin galdu dituzte–. Baina ez dago kexatzeko astirik eta Jacobo Cuetararen jokalariek beste helburu bat dute jada buruan: gaur Pfadi Winterthur aurkari zuzena gainditzea (AXA Arena, 18.45).

EHF European Leagueko hurrengo fasean egoteko garaipena ezinbestekoa du gaur Bidasoak. Izan ere, multzoko lehen lau taldeak sailkatuko badira ere, Bidasoak bi puntu lortu ditu orain arte jokatutako lau partidetan. Asteon bi neurketa ditu aurretik etxetik kanpo: gaurkoa –covidarengatik atzeratu behar izan zen– eta ostegunean Polonian Orlen Wisla Plock taldearen kantxan jokatu beharrekoa.

Joaneko partidan, Bidasoak erraz menderatu zuen Pfadi (32-28). Aldiz, bere ligan hirugarren tokian den talde suitzarrak Tatran Presoven etxean irabazi zuen aurreko jardunaldian eta atzetik aurrera dator. Gipuzkoarrek adi egon beharko dute Sadok, Sidorowicz eta Judekin, Artalekun hamazazpi gol sartu baitzituzten hiruren artean.

«Orain oso egoera konplexuan gaude, baina ilusio guztiarekin goaz Suitzara, Europako beste neurketa bat jokatzeko gogotsu», azpimarratu zuen Jacobo Cuetarak Irun utzi aurretik.