Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkurdia-Tolosak lehen puntua lortu dute Urretxun

Peñak eta Albisuk agindu dute piloteoan, baina huts gehiegi egin dituzte aginte horri zukua ateratzeko.

EZKURDIA-TOLOSA 22

PEÑA II.A-ALBISU 17


Ezkurdiak eta Tolosak 22-17 menderatu zituzten atzo Peña II.a eta Albisu Urretxun, Santa Lutzi eguneko jaialdian, eta lehen puntua eskuratu zuten aurtengo Binakako Txapelketan. Orain gutxi Eibarren San Andres egunez gertatu bezala, neurketa tristea izan zen, huts askokoa, eta pilotalekuko distira falta horrek –sarrera erdi inguru, ohikoa izaten den sarrera bikainaren inolako antzik gabe– bat egin zuen frontoitik kanpo ere ospakizun handirik gabe geratu ziren Zumarragako eta Urretxuko giro hotzarekin.

Partidaren gidoiak aurrez espero zitekeenari erantzun zion, alde horretatik ez zen ezustekorik izan. Jon Ander Albisu nagusi izan zen atzeko koadroetan, piloteoan agintea erakutsiz eta Xabi Tolosa lan asko egitera behartuz, baina aurrean Jon Ander Peñak ez zuen bere eguna izan eta inspirazio falta horretan huts gehiegi egin zituen nahiz eta dena alde eduki. Albisu bera ere nahastu egin zen eta bien artean hamahiru pilota galdu zituzten, gehiegi gauza onerako.

Beste aldean, egia da hasieran Tolosak pilota batzuk galdu zituela –urdinen aurreneko bost tantoetatik lau atzelariak galdutakoak izan ziren–, baina hortik aurrera asko zuzendu zen anoetarra eta gutxienez partidari eusteko gai izan zen. Aurrean, Joseba Ezkurdiari atzo ere ia beti behartuta eta urrunetik jardutea tokatu zitzaion, baina arbizuarra ere aurreko batzuetan baino sendoago azaldu zen, pilota gutxiago galduz, eta hori izan zen 22ra iritsi ahal izateko gakoetako bat.

Markagailuak aipatutako joera horiek islatu zituen. Urdinak 0-3 eta 3-8 aurreratu ziren, piloteoan gehiago zirelako eta Tolosak sufritu egin zuelako lehen tanto horietan. Baina gorriek neurketa 8-8 berdintzea lortu zuten lehenik, eta 15-11 aurretik ipini ziren gero. Lau tanto jarraian eginda Peña eta Albisu 16-17 agintzen jarri zirenean bazirudien zailena eginda zutela, baina norgehiagokaren azken txanpan gorriak izan ziren sei tanto segidan eginez garaipena ospatu ahal izan zutenak.

Sentsazioak ez dira batere onak bi bikoteetako inorentzat, sailkapenaren zuloan berdinduta geldituko dira biak puntu banarekin, baina Ezkurdiak eta Tolosak garaipena lortu izanaren poz txikia baliatu beharko dute hobetzen joateko. Peñak eta Albisuk, aldiz, azkar moztu beharko dute joera txarra ez badute sailkapena lortzeko gehiegi sufritu nahi.

Datorren jardunaldian, Peñak eta Albisuk larunbatean jokatuko dute Labriten Elezkano eta Zabaletaren kontra, eta Ezkurdia-Tolosak igandean Eibarren Laso eta Imazen aurka.

Oinatz ikusteko sarrerak

Beste kontu batzuei helduta, Baikok jakinarazi du gaur eguerditik aurrera ipiniko dituela salgai Internet bidez Oinatz Bengoetxeak jokatuko dituen azken partidetako sarrerak. Eta bestetik, Berrizen hezetasunaren erruz bertan behera gelditu zen Promozio Mailako partida gaur arratsaldean berrartuko dute une hartako markagailua errespetatuz: Zabala-O. Etxebarria 12 / Alberdi Uriondo 7.