GARA Euskal Herriko egunkaria

Kapitolioko erasoa ikertzen ari den batzordeak Trumpen beste aholkulari bat epaitzeko eskatu du


Donald Trump presidente ohiaren inguruan presioa handituz doa. Kongresuaren aurkako erasoa ikertzen duen batzordeak Mark Meadows, Trumpen kabinete-buru ohia, auzipetzeko eskatu du, ikerketan ez laguntzeagatik. Batzordeak presidente ohiak eta bere laguntzaileek Kapitolioko erasoan izan zuten ardura argitu nahi du. Mark Meadows Trumpen aholkulari hurbilenetakoa zen, haren jarraitzaileak Kapitolioan oldarka sartu zirenean, hain zuzen, Joe Bidenen garaipena baieztatu ez zedin.

Aholkulariak milaka orrialde bideratu dizkie ikertzaileei, agiri eta mezu elektronikoekin, baina batzordearen aurrean deklaratzeari ezezko borobila eman dio. Hori dela eta, «Kongresuaren ikerketa oztopatzen saiatzen» ari dela leporatzen diote Meadowsi.

Liz Cheney errepublikanoak presidente ohiaren seme Donald Trump Jr.-ek eta Fox News kate eskuindarrak Meadowsi bidalitako mezuak erakutsi zituen. Horietan presidentearekin hitz egiteko eskatzen zioten, Kongresuan sartzen ari ziren jarraitzaileek atzera egin zezaten. «Mark Meadowsen SMS eta posta elektronikoek urtarrilaren 6ko atentatuaren prestaketan erabat nahastuta zegoela adierazten dute», azaldu zuen Jamie Raskin kongresukideak.

Batzordeak epai dezatela eskatu du «ez duelako erantzun nahi zer dakien gure demokraziak jaso zuen eraso basatiaz», azaldu zuen batzordeko presidente Bennie Thompsonek. Behin betiko erabakia Justizia Departamentuak hartuko du.