Aster Navas
KOLABORAZIOA

Umezurtz

Bitxia da «zurtz» hitza. Fonetikoki malkartsua da, amildegi bat, putzu hondogabe bat. Eraman ezazue segundo batez eztarrira, ezpainetara, eta ondo baino hobeto ulertuko duzue kolpe lehor bat dela, labankada gordin bat; dasta ezazue eta ohartuko zarete beraren ahoskera mingotsaz. Eduki aldetik, berriz, oso mamitsua da; silaba bakar batetan sentimendu ugari irabiatzen, nahasten, dira: bakardadea, babesgabezia...

Dena den, hitz horren lehenengo osagaia harridura da. Esperientziaz diotsuet: joan den urrian zurtz –ama zendu zitzaidan– geratu nintzen. «Zur eta lur» esaten dugu. Primeran erakusten du Rosa Monterok “La ridícula idea de no volver a verte” eleberrian. «Zurturik/ zurtz eginik» uzten gaitu lelokeria, ziurtasun –ama berriro ez ikustearena, amari berriro ez entzutearena– sinesgaitz, horrek. Bai, «zurtu»-ren jatorrizko esanahia horixe da eta: txundidura.

Eta bigarrena, haurtzaroa, gurasoen alboan beti umemoko hutsak gara eta. Helduak ematen dugu, baina orain dela berrogei urteko haur berberak gara: beraien besarkadaren premia berberaz –belaunean zauritxo bat zela eta, disgustu, ustekabe bat bularrean zeharkaturik zela eta– etxera itzultzen ziren garai magiko hartako mutiko, neskato berberak. Eta bat-batean babes hori lapurtu egin digute; korrika gindoazen etxe, aterpe, horretan ez gaitu inork itxoiten; gauero deitzen genuen telefono horretatik ez digu inork erantzuten. Zurtz baino, umezurtz sentitzen gara.

Galera horren balioa sormen, irudimenaren, munduan duen islagatik neur daiteke: gurasoen heriotza arlo horretako detonatzaileetako bat da, abiapuntu indartsuenetako bat, subkontzientearen funtsezko motor bat. Esperientzia gogor hori gainerakookin partekatu nahi, behar dugu:

Camusen “Arrotza”-ren hasiera datorkit burura; “Ama”, Jose Ignacio Carnerorena, edo “La isla del padre”, Fernando Mariasena; “Amek ez dute”, Katixa Agirrerena.

«Pertsona bat ezagutzen dudanean beti galdetzen diot bere gurasoez; hau da, pertsona hori mundura ekarri zuen borondateaz», halaxe dio Manuel Vilasek “Ordesa”-n, hari beretik tiraka sortzen den beste istorio setati bat.

Zineman ere Almodovarren, Bajo Ulloaren, Bayonaren zenbait filmetan...

Ez dakit zenbat alditan pasatu zareten Guggenheim ondoko armiarmaren azpitik. Bourgeoisen eskultura horrek “Mama” izena du. «Afektuen ehuna ehuntzeko gai da, baita haietan harrapatuta geratzeko ere», dio zizelkariak figura horren aukera arrazoituz.

Ama erreferentzia bat da, neurri bat, Begoña Abadek “La medida de mi madre” olerki zirraragarrian adierazten duen bezala. Hor dugu ere “Munduaren jatorria”, Gustave Courbeten koadro mitikoa, Paleolitoko venusak; Parcari semearen heriotza aurpegiratzen dion Miguel Angelen “Pietá”-k...

«Ama lur» deitzen diogu munduan dugun lekuari, «ama hizkuntza» deitzen diogu gure sehaska mugitzen zuen kodeari.

Kontua da hor daudela egun horietako doluminak, eskela, beraren herrixkara egun euritsu batean eraman genituen errautsak, baina hain da onartezina bera berriz ez ikusteko ideia zentzugabe hori...

Ama zendu omen da baina ezin dut sinetsi.