GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Urdulizen txapelketara itzultzeko moduan da Jokin Altuna


Aurreko astean txapelketako partida jokatzeari uko egin ostean, udan ere arazoak eman zizkion ezker eskua osatuta bihar Urdulizen itzultzeko prest dagoela berretsi zuen atzo Jokin Altunak material aukeraketan. Asteartean Tolosan Jokin Etxanizekin saio luze bat egin ostean mindutako esku horrek nola erantzuten zion ikusi nahi zuen eta, dena normal joan zenez, berriz ere kantxetara itzultzeko erabakia hartu du amezketarrak.

«Udan ere leku berean izan nituen arazoak eta denbora askotxo eman nuen bueltaka. Lau eta Erdiko garaian dena ondo izan nuen eta azken partidan pilota bat sartu zitzaidan. Min puntu bakarra denean erraz libratzen duzu, baina bi lekutan nuen mina eta hori konpontzeko zulo ikaragarria egin behar da takoekin. Ostiralean probatu nuen, baina ezin nion kolpea normal eman eta nik uste ondo egin nuela aurreko asteko partida ez jokatuta. Ingurua ondo garbitu didate eta espero hemendik aurrera arazorik ez izatea», azaldu zuen amezketarrak.