GARA Euskal Herriko egunkaria

Bakegileek harea eraman dute suprefeturara erlojua biratzeko ordua delakoan

Armagabetzea gauzatzeari begira mugarri izan zen Luhusoko ekimenaren bosgarren urtemugaren harira, «desobedientzia zibilaren haritik tiraka» presoen egoerari irtenbidea emateko deia egin dute.


ETAren armagabetzea ahalbidetzeko mugarri izan zen Luhusoko ekimenaren bosgarren urteurrena markatzeko ekintza egin zuten atzo Baionan Bakegileek. Azkeneko bost urteotan hainbat aitzinamendu izan badira ere, frantziar Estatuaren «inertziak» ekarri duen «denbora galtzea» salatu nahi izan zuten. Hala, hareazko erlojuari itzulia emateko tenorea dela irudikatzeko hondarra laga zuten Lapurdiko hiriburuan suprefeturak duen egoitzaren atarian. 10.30ak pasatxo zirela, kamioi bat gelditu zen Estatuaren ordezkaritzaren aitzinean eta atoian zeraman harea espaloira isuri zuen. Pala handien laguntzaz, hainbat ekintzailek hondarra jaso eta eraikinaren kanpoko eskaileretan barreiatu zuten.

Anaiz Funosas Bake Bidea elkartearen presidenteak eta Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Michel Bergouinan eta Stephane Etxegarairekin batera Poliziak Luhuson atzeman zuen Txetx Etxeberrik hitza hartu zuten ekintzaren nondik norakoak azaltzeko. Hala, salatu zutenez, igaro den denbora «injustizia bilakatu da, batez ere Fiskaltza Antiterroristak azken hilabete eta urte hauetan agertzen duen jarrera erasotzaile eta mendekatzaileagatik».

Joan direnak gogoan

Egungo egoera orain bost urte bizi izan zen une zailarekin alderatuta, bi ordezkariek oroitarazi zuten Luhusoko ekintza ez atzera ez aurrera zegoen ETAren armagabetzea desblokeatzeko akuilu izan zela. Era berean, geroztik hil diren hiru bakegileak –Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouinan eta Luhusoko hitzordura heltzerik izan ez zuen Michel Tubiana– gogoan izan zituzten.

Orain dela bost urte bezala, Estatuaren ibilmoldeak egoera «usteltzeko arriskua» areagotzen duela ohartarazi zuten Bakegileek Baionan. Hori dela eta, jendarteari engaiamendua berritzeko eskatu zioten. «Duela bost urte eutsi genion parioari, garaia da pario hori berresteko eta denak elkarrekin bultzada berria emateko», nabarmendu zuten.

Zehazki, heldu den urtarrilaren 8an “Le temp presse. Ion, Jakes eta Unai gurekin” lelopean Baionan eginen den mobilizazioaren amaieran «desobedientzia zibilaren haritik tiraka» aurrera egiteko prest den herritar orok izena emateko parada ukanen duela baieztatu zuten Bakegileek.

«Indar harreman berritua eraiki behar dugu Parisera begira. Desobedientzia zibiletik tiratuko dugun bidea izango da, mobilizazio indartze batekin bultzatuko dugun bidea», laburbildu zuten.