GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Mancha Real eta Athletic dira zozketak ase dituen bakarrak

Realak eta Osasunak Bigarren Mailako puntako taldeak bisitatuko dituzte: Leganes eta Girona. Eibarrek Mallorca hartuko du Ipuruan.


Superkopan arituko denez lehen bi kanporaketak jokatu behar izan gabe gainditu ostean, hasiera batean behintzat zorte onarekin hasi du Athleticek denboraldi honetako Kopako bere ibilbidea, lehiaketan geratzen den mailarik apaleneko aurkaria egokitu baitzaio zozketan; Jaengo Mancha Real. Urtarrilaren 4tik 6ra bitartean partida bakarrera jokatuko den kanporaketa honetan gainerako euskal taldeek ez dute horrenbesteko zorterik izan, Realak eta Osasunak Bigarren Mailako taldeen zelaietan aritu beharko dutelako –Leganes eta Gironaren aurka hurrenez hurren–, eta, hainbeste denbora itxaron ostean, Ipuruan arituko den Lehen Mailako taldea Mallorca izateak ere ez duelako aparteko ilusiorik sortu Eibar aldean.

Granadari 1-0 irabazi ostean Jaengo Mancha Real da Kopan bizirik geratzen den RFEFko lehen mailan aritzen talde bakarra eta andaluziarrak izango dira zuri-gorrien aurtengo lehen aurkariak. Rafa Alkorta, Athleticeko kirol zuzendariak, hala ere, «kanporaketa errespeturik handienarekin» hartuko dutela esan zuen atzo, eta gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu beharko dutela «partida bakarrera edozer gauza gerta daitekeelako».

Kanporaketa pozarren hartu zutenak Mancha Realekoak izan ziren eta, esaterako, Jose Jesus Aybar euren kirol zuzendariak «erregeen oparitzat» jo zuen bizkaitarren aurka jokatu beharra, Athleticek Kopan lortutako 23 tituluak nabarmendu ostean. «Une errepikaezinaz gozatu behar dugu», gaineratu zuen.

Jaengo taldean bada talde zuri-gorria ondo ezagutzen duen jokalari bat, bertan aritzen delako Lezaman 12 urtez aritu ostean lehen taldeko kamiseta birritan jantzi zuen Urko Arroyo. 34 urterekin eta hainbat taldetan aritu eta gero, Mancha Realeko kapitainetako bat da aurrelaria. Txaber Ajuriagoikoa zornotzarra ere talde horretan aritzen da, nahiz eta nahiko lukeen baino protagonismo txikiagoarekin.

Ezagun zaharrak Butarquen

Imanol Aguazilenek, bestalde, Asier Riesgoren, Realaren aurka inoiz aritu ez den Ruben Pardoren eta lesio larri baten ostean bueltan den Jon Bautistaren taldearen aurka jokatu beharko dute, azken urteetan Vila-real eta Real Madril kanporatu izan dituen Leganesen –Joseba Zaldua eta Diego Ricoren talde ohia– aurka, hain zuzen ere. Realean aritutako Asier Garitanoren eskutik, madrildarrek ez zioten ondo ekin denboraldiari, baina pixkanaka gorantz egiten ari dira eta Bigarren Mailako goiko postuetara gerturatzea dute erronka nagusia, Kopari inola ere muzin egin gabe. Entrenatzailea aldatu zutenetik zazpi partida jokatu dituzte; hiru irabazi dituzte, beste hainbeste berdindu eta bakarra galdu.

Leganesen ere tentuz hartu dute Realaren aurka jokatu beharra. «Bagenekien Lehen Mailako talde bat egokituko zitzaigula eta zailenetako bat suertatu zaigu», azaldu zuen Txema Indias-ek, taldeko kirol zuzendariak. «Badakigu Lehen Mailako talde batentzat ez direla kanporaketa errazak izaten; guretzat pizgarri handiak dira eta ez dugu erraz amore emango».

Ezin esan Osasunak ere zorte handirik izan duenik, Bigarren Mailako talde indartsu bat egokitu zaio eta. «Genituen aukeren artetik zailenetako bat egokitu zaigu; mailako talderik onenetako bat da, baina badakigu hemendik aurrera aurkariak gero eta zailagoak izango direla eta aurrera egiteko ilusioarekin jokatuko dugu».

Eibarren kasuan Andoni Azkargorta, Gaizka Garitanoren albokoa, izan da zozketaren emaitzaz aritu dena eta lehia biziko kanporaketa aurreikusten du eibartarren bigarren entrenatzaileak. Azkargortaren iritziz, Mallorca, talde igo berria izan arren, «oso dinamika onarekin sartu da Lehen Mailara» eta Wanda Metropolitano bezalako zelai handietan irabazteko gai izan direla nabarmendu du.

Era berean, aspaldiko partez Kopa Ipuruara itzultzeak asko poztu du armaginen teknikaria; «ea gure zaleen aurrean kanporaketa hau aurrera ateratzeko moduan gauden».