GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO KULTURA

CVCE-Errimaiaipuin lehiaketak bigarren ediziokosariak banatu ditu

Joan den ostiralean, Donostiako mendi elkartearen egoitzan ekitaldia egin zen.Ramon Olasagastik eta Fabio Andres Nerik irabazi dute lehiaketa.


Ohi bezala, San Tomas egunaren bueltan eta txistor usainarekin Club Vasco de Camping Elkarteak urteko “denboraldiari” amaiera eman dio. Festa eguna izaten dute eta joan den ostiralean egin zuten ekitaldi berezia Donostiako elkartearen egoitzan bertan. “Errimaia” aldizkariaren azken alearen aurkezpena egiteaz gain, mendiko ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten.

Mendiko kulturaren baitako azken ekimen horri dagokionez, bigarren edizioa izan duela esan behar da, eta aurtengo protagonistak, hots, irabazleak, Ramon Olasagasti eta Fabio Andres Neri izan dira; lehena, “Ihesa” lanagatik eta bigarrena, “Cerros de nieve, cerros de arena”-gatik. Horrez gain, bi finalista izendatu dituzte: Rafa Zuza “Kaguen zotz” ipuinarekin eta Miguel Angel Gayo, “Soroche”-rekin.

Gaztelaniazko ataleko bi idazleak Donostiara hurbildu ziren saria jasotzera. Neri txiletarra da, baina Bartzelonan zegoen, eta Gayo Madrildik etorri zen.

«Oso pozik»

Zalantzarik gabe, mendizale donostiarren ekimen hau azpimarratzeko modukoa da; izan ere, Euskal Herrian antolatzen den izaera horretako ekimen bakarra da. “Festa” bukatu bezain laster, antolatzaileek GARAri tartea egin zioten bigarren ekitaldi honen inguruan balorazioa egiteko.

Lehenik eta behin, jasotako ipuinei azpimarra egin nahi izan zieten: «Aurten lan gutxiago jaso ditugu: 163. Baina epaimahaikideak lanpetuta edukitzeko nahikoa lan izan dira. Euskarazko atalean, adibidez, gora egin dugu; hamarretik hamahirura. Guztiak ala guztiak ondo idatziak eta kalitatezkoak. Azken atal honi dagokionez, guretzat garrantzitsuena da. Epaimahaikideek beraiek ere hori nabarmendu nahi izan dute. Kontuan hartu behar da lau finalisten eta irabazleen artean bakarra dagoela idazle ‘profesionala’ ez dena. Beste hirurek hainbat liburu argitaratu dituzte, edota idazketa munduan aritzen dira. Gainera, euskarazko lan guztiak oso ondo idatzita daude; hizkuntza ondo menderatzen duten egileak dira».

CVCE-Errimaia lehiaketaren antolatzaileek esan digute, iaz bezala, kolore guztietako lanak irakurri dituztela: «Ez da ezustekorik izan; arauek dioten moduan, mendiari lotutako edozein gai onartzen da: historikoak, mitologikoak, sozialak eta, jakina, mendiko kirolak jasotzen dituztenak».

Irabazleen lanen inguruan hitz bi eskatu dizkiegu eta honakoa erantzun digute: «‘Ihesa’-k eduki historikoa du. Protagonistaren desesperazioa eta beldurrak dira ildo nagusiak, baita elkartasuna eta traizioak ere. Atmosfera zein erritmo oso egokiak ditu. ‘Cerros de nieve, cerros de arena’-k, berriz, aita eta seme baten arteko elkarrizketa bat jasotzen du. Mundua ikusteko bi era antagoniko aurrez aurre jartzen ditu: baikortasuna eta ezkortasuna, itxaropena eta etsipena... Oso ondo idatzia dago eta lezio sakona jasotzen du».

Finalisten lanentzako hitzak ere izan dituzte: «‘Kaguen zotz’-ek begirada introspektiboa egiten die eskalatzaileen beldurrei. Eta ‘Soroche’-ri dagokionez, bada mendiko gaitza metafora bezala erabiltzen du. Eduki soziala du, eta goi-mendian gertatutako pasarte batekin trebetasunez lotzen du».

Azkenik, ipuin lehiaketaren arduradunek onartu dute oso pozik daudela bigarren ekitaldi honek izan duen arrakastarekin: «Bide beretik jarraitzea da gure asmoa: mendia eta idaztea gustuko dituzten lagunak erakarri nahi ditugu. Eta, jakina, lehiaketaz gozatu: idazle edo irakurle gisa».