GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Munduko tow-in txapelketa: Sekulako ikuskizuna Portugalen

Munduko olatu handien Tow-in Surfing Txapelketa izan zen, abenduaren 13an, Nazare urautsian (Portugal). Justine Dupont eta Lucas Chianca izan ziren txapeldunak. Axi Muniainek seigarren postua eskuratu zuen.


Lehen mailako WSL zirkuitua amaitu bezain laster, olatu handietako munduko tow-in txapelketa egiteko baldintzak sortu ziren Portugalen, eta aldi berean QS denboraldiari amaiera emateko baldintza bikainak izan ziren Hawaiin, Pipeline Banzaiko txapelketan. Modu horretan urteari amaiera ezin hobea eman ahal izan zaio mundu mailako txapelketetan eta urte berrirako atea parez pare ireki da.

Abenduaren 13an egin zen, Portugalen, Tudor Nazare Tow Surfing Challengue lehiaketa. Baldintza bikainak izan ziren; olatu handiak eta garbiak, eta gainera eguzkia. Itzelezko ikuskizuna izan zen eta parte hartzaileen artean Axi Muniain zegoen, seigarren postua eskuratu zuen zarauztarra.

Lau sari banatu zituen WSL erakundeak Nazareko lehiaketan. Justine Dupont frantsesak nesken kategoriako txapela irabazi zuen; Lucas Chianca brasildarra mutilen kategorian nagusitu zen; talde edo bikote hoberenaren saria ere Lucas Chiancak berak jaso zuen, Kay Lenny hawaiiarrarekin batera. Eta, azkenik, gehien arriskatu zuen lehiakidearen saria Pedro Scooby brasildarrarentzat izan zen, ezker olatu batean egin zuen tubo sakon bategatik.

Lehiaketa berezia

Aurtengo olatu handietako denboraldirako bi txapelketa iragarri zituen WSL erakundeak. Bata uretako motoaren laguntzarekin egiteko, Portugalen, eta bestea laguntzarik gabe arraun eginez olatuak hartzeko, Hawaiiko Pe’ahi urautsi famatuan. Itxarote epea azaroaren 15ean ireki zen eta datorren martxoaren 31n amaituko da.

Portugalgoa, beraz, itxarote epea ireki eta berehala egin zen, eta, hortaz, oraindik Pe’ahiko txapelketa egitea falta da 2021-2022ko denboraldiko olatu handien itzulia amaitzeko.

Txapelketa bereziak dira olatu handietakoak, bai parte hartzaileei dagokienez, baita lehiaketa formatuari dagokionez ere. Lehiakideak hautatuak edo gonbidatuak dira, aurrez izan dituzten emaitzen arabera edo olatu handietako ekimen desberdinetan egin dituzten lorpenen arabera.

Nazaren 18 lehiakide izan ziren; hau da, bederatzi bikote. Izan ere, olatuak uretako motoaren laguntzarekin hartzeko txapelketa izaki, ezinbestean binaka lehiatu beharra dago. Hiru txandaz osatutako bi erronda egin ziren; alegia, bi bider itsasoratu ziren surflariak, eta txanda bakoitzean 50 minutu izan zituzten bikoteek txandaka aritzeko. Epaileek lehiakide bakoitzak olatu gainean egindakoa puntuatu zuten, baina amaieran lehiakide bakoitzaren bi olatu onenak hartu ziren kontuan eta olatu onenari balio bikoitza eman zioten.

Bikoteak osatzeko ez zegoen irizpide zehatzik; taldeak herrialde desberdinetako surflariz osatuak ziren, baita genero desberdineko surflariekin ere. Horrela, lehiakideen artean ziren hiru neskak mutilekin batera lehiatu ziren, nahiz eta gero nesken kategoriako saria banatzeko orduan haien artean puntuazio altuena nork lortzen zuen kontuan hartu zen.

Justine Dupont frantsesa Pierre Rollet aberkidearekin itsasoratu zen; Maya Gabeira brasildarra, ostera, Eric Reviere frantsesarekin itsasoratu zen, eta Michelle Bouillons brasildarra, Ian Conseza portugaldarrekin. Ez dira aukera asko izaten neskak eta mutilak elkarrekin lehian ikusteko eta zinez ikuskizun ederra eman zuten hiru lehiakideek.

Aipatu bezala, Axi Muniain ere Nazaren izan zen. Lehiakideen artean Euskal Herriko surflari bakarra zen eta ikuskizun bikaina eman zuen. Francisco Porcella italiarrarekin itsasoratu zen zarauztarra eta olaturik onenen artean eskuin olatu erraldoi bat hartu ahal izan zuen. Une batean, beste lehiakide bat olatua ebasten saiatu zen, baina Muniainek, sekulako abilezia eta dotoreziarekin, olatutik kanporatu zuen aurkaria.

Lehen txandan ez zuen olaturik hartu Muniainek. Txandak iraun zuen 50 minutuetan ez zen iritsi zarauztarrak itxaroten zuen olatua, baina bigarren txandan «olatu gosez» itsasoratu zela aitortu zuen eta horri esker seigarren postua eskuratu ahal izan zuen. Emaitza oso ona da, munduko olatu handien txapelketa zela kontuan hartuta.

Hasiera batean, olatuek ez ziruditen oso handiak, batetik lehiakideek eurek mendean erraz hartzen zituztela zirudielako eta, bestetik, azkenaldian argitaratu diren irudiekin alderatuta edozein olatuk, nahiz eta zinez handia izan, oso handia ez dirudielako.

Aldiz, txapelketak aurrera egin ahala gero eta agerikoagoa zen ez zirela txantxetako olatuak, eta lehiakideek une batzuetan gorriak ikusi behar izan zituzten. Justine Dupont eta Pierre Rollet, adibidez, uretako moto eta guzti irauli ziren olatu baten gainaldetik erortzean, eta ez ziren izan une batean uretako motoa galdu zuten lehiakide bakarrak, lehiakide guztiek asko arriskatu baitzuten.

Hawaiin ere ikuskizuna

Itsaski handien denboraldia da ipar hemisferioan eta, Portugalen bezala, Hawaiin ere olatu handien sasoia da. Horregatik, azken asteetan hainbat lehiaketa izan dira Oahu uhartean; horien artean, Pipelineko txapelketa famatua. Nahiz eta aurten lehen mailakoa ez izan, ikusmin handia sortu zuen Pipelineko txapelketak; batez ere, azken egunean, olatu ederrak izan baitziren.

Abendu hasieran amaitu zen Challenger Series itzulia Haleiwako hondartzan eta denbora luzez lesio bategatik txapelketaz kanpo egon zen John John Florence izan zen garailea mutilen kategorian. Surflari hawaiiarrak sasoi betean dela erakutsi zuen Haleiwan, baina garaipen hori nahikoa ez eta Pipelinen ere bera gailendu zen abenduaren 16an amaitu zen QS itzuliko azken txapelketan.

John John Florencek Pipelinen izan zuen aurkari gogorrenak zeresana eman zuen, ez baitzen Gabriel Medina edo Kelly Slater bezalako surflari ezagun bat; buruhauste handienak bere anaia Ivan Florencek eman zizkion. Hiru anaietatik surflari ezezagunena da Ivan, baina Pipelinen egin berri den lehiaketan txapelketako olaturik onena berak egin zuen.