GARA Euskal Herriko egunkaria
DESADOSTASUNAK EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOAN (ETA II)

ZAURIA IREKITA ETA JOMUGA MALDAN GORA

Federazioaren eta korrikalarien arteko desadostasunak agerikoak dira. Bi aldeek ohar bana helarazi dute beren argudioekin, baina argi dagoena da zauria irekita eta mendiko euskal selekzioaren jomuga «ilun» dagoela, Asier Arregi hautatzaile ohiaren esanetan.


Otsailean zuzendaritza aldatu zen Federazioan eta urtean zehar, hainbat kontutan ikuspuntu ezberdina eduki dugu. Funtzionamendua aldatu nahi izan dute, hoberako beraien ustetan, baina guk ez dugu halakorik ikusi eta, azkenean, hautatzaile batzuek kargua utzi dute nekatuta amaitu dutelako, eta azkenengo biak kaleratuak izan dira. Guk horrekin guztiarekin gure desadostasuna erakutsi nahi dugu». Halaxe mintzatu da Ander Iñarra korrikalaria NAIZ Irratiaren uhinetan. 

Duela hamar bat egun, Euskal Mendizale Federazioko mendi korrikalariek euskal selekzioarekin lasterka egiteari uko egiten diotela iragarri zuten, Iñarrak azaldu legez, zuzendaritza berriarekin zenbait desadostasun dituztela-eta. Beraientzat, azken bileran jazotakoa «jasangaitza» izan zen, Gaizka Garaño eta Asier Arregi hautatzaileen kaleratzearen berri jaso baitzuten. Hori icebergaren punta izan zela bat datoz Iñarra zein Arregi bera, jada hautatzaile ohia dena: «Aurten aritu garen hautatzaileon kaleratzea izan da urte osoan bizitako egoeraren azken fasea».

Zuzendaritza berria martxo hasieran hasi zen lanean eta ordutik «tentsioa» egon dela ere nabarmendu zuen Federazioko presidente Zigor Egiak, EH Kirola ekimenari emandako elkarrizketan. Tentsio hori nondik datorren itaun eginda, Arregik zehaztu du desadostasunak hasieratik egon direla, «Munduko Kopan lehiatzea zalantzan jarri zutenetik», alegia.

Testuingurua argitzeko asmoz, Arregik azaldu du 2021eko akordioak aurreko urteko azaro aldera itxi zituztela eta behin denboraldia hastear zegoela zuzendaritza berriak hau esan zuen Munduko Koparako aurrekontu falta zegoela. «Alde batetik, harritu egin gintuen, aurrekontua onartuta zegoelako eta, bestetik, onartezintzat jo genuen erabakia, hankaz jora jartzen zelako aurtengo denboraldia».

Federazioak hedabideetara helarazitako oharrean, «gardentasuna» eta «irizpide objektiboetan oinarritutako aukeraketaren» aldeko asmoa agertu du, hori balitz bezala desadostasuna sortu duen mugarria: «EMFtik argitu nahi dugu orain arte hautatzaile izan direnen jarraitutasunik ezaren arrazoiak ez duela zerikusirik orain arte lortutako kirol-emaitzekin, baizik eta egungo Zuzendaritza Batzordeak Euskal Selekzioari dagokionez hautaketa irekiagoa egin nahi duelako, sarbide- eta kudeaketa-irizpide gardenagoekin, eta lehiaketetako kirol-meritua oraindik ere saritua izan dadin».

Iñarrak eta Arregik, ordea, ez dute uste hori azalpen argia denik, «azken bost urteetan 62 korrikalari pasatu baitira selekziotik». Taldean «kuadrillismoa» egotea leporatzeari, bestalde, «zorionez eliteko talde hau, lagun talde edo familia bat» dela esanez erantzuten diote, betiere argi utziz puntako kirolariak direla; «Euskal Herrian egun ditugun korrikalariek osatutako selekzioa da».

Iñarraren iritziz, horiek guztiak «aitzakiak dira dena beraien erara egiteko. Beraiek esaten dute onerako dela, baina orain arte hanka besterik ez dute sartu».

Emaitzak, sobera onak

Federazioko zuzendaritzak ere adierazi du hautatzaileak kaleratzeko arrazoia ez direla emaitzak, horiek txalotzekoak izan baitira. Munduko Kopan Ander Iñarrak laugarren postua lortu zuen, zazpigarren postua ere euskaldunentzat izan zen (Asier Larruzea), baita nesken kategoriako bosgarrena ere (Mayi Mujika); Espainiako Kopan garaipena eskuratu zuen Asier Larruzeak... «Gauzak ondo egin ditugula baina egiteko modua ez zaiela gustatu adierazi digute, alternatiba argirik proposatu gabe. Kontua da, ondo baldin badaude eginak eta emaitza onak eman badituzte, zergatik aldatu behar dira?», galdetu du Iñarrak.

Munduko Kopan parte-hartzea zalantzan jartzeaz gain, korrikalari lezotarrak adierazi du arropa-denda batekin zeukaten hitzarmena ere bertan behera geratu dela –«materialarekin laguntzen zigun»– eta bidaietan gauza «arraroak» ikusi dituztela. Azken bilera eguna baino lehenago, beste bi hautatzaileek dimisioa aurkeztu zuten. Iñaki Uribetxeberriak urtea ez zuela bukatuko adierazi zuen; Ibai Belokik urtea bukatu bai baina azkena izango zuela. Arregiren esanetan, erabaki hauek zerikusi zuzena daukate zuzendaritza berria hartzen ari den bidearekin.

Esan bezala, desadostasunen kontu honek zenbait kapitulu izan ditu. Asier Larruzeak adierazi zuen Euskal Herriko txapelketa EAEra mugatzea ere haserrerako arrazoia izan dela, eta Arregi zein Iñarra erabat ados daude lasterkari gueñestarrarekin. Era berean, erabaki honek ofizialtasunaren aldeko borroka apaldu dezakeela iruditzen zaie: «Euskal Selekzioaren ofizialtasunari indarra emateko aurretik lortutako Euskal Herriko txapelketa EAEra pasatzeak garbi erakusten du zer den zuzendaritza honek egin duena». Gainera, aldaketa horren berri hedabideen bidez jakin zutela nabarmendu du.

Nolanahi ere, Arregik badaki beraien lana beste bat dela, beraien egitekoa korrikalari onenen jarraipena egin eta horiek hautatzea dela eta ofizialtasunaren afera zuzendaritzari dagokiola, eta, beraz, kalapita hau hortik harago doala. Iñarrak azaldu du azken bilera hartara «gutxieneko baldintza» batzuekin joan zirela eta mahai gainean jarri aurretik jakin zutela hautatzaileen kaleratzearen berri. «Gure baldintzen artean horien jarraipena zegoen; beraz, ez ziguten aukerarik utzi eta ekintzara pasatzea erabaki genuen», esan du Lezokoak. 

Arregik korrikalarien ausardia txalotu du, beraien onuraren gainetik proiektuarena bilatzeagatik eta tinko nabarmendu du aho batez hartutako erabakia dela, «eta ez batzuek hartutakoa, Zigor Egia presidenteak aditzera eman duen moduan».

Iñarra ez da oraindik etorkizunera begira jarri, oraindik ere «auzia bero-bero dago-eta». Korrika egiten jarraituko duela badaki, bakarrik egiteko aukera hor dagoelako, «selekziotik kanpo bizia badagoelako», baina lastima sentitzen du proiektu baten bukaera iritsi delako, proiektua «pikutara joan delako». Arregik, aldiz, «etorkizun beltza» ikusten dio proiektuari, azken 9 hilabeteetan konpontzeko ezer ez dela egin iritzita. Korrikalarien batasunaren aurrean, orain pilota zuzendaritzaren teilatuan ikusten du: «Beraiek mugitu beharko dute fitxa; hori egin ezean, korrikalariak ez dira itzuliko».

 

Elkarrizketarako deia

Euskal Herria Kirola ekimeneko presidente Kike Zurutuzak gertutik jarraitu du auzia –webgunean hiru alderdien elkarrizketak plazaratu zituen– eta kezkatuta agertu da. «Albiste mingarria» izan dela deritzo eta, «formula magikorik» ez duenez, elkarrizketarako deia egin du: «Hitz egin, zauriak sendatzen saiatu eta aurrera egin».