Surflari ernegatua

Zubipean

Berriki ikusi ditut Golden Gate zubi famatuaren azpian surf egiten ari ziren surflarien irudiak. Ur marroia, neopreno beltzak, ingurune urbanoa, hotza, oso hotza, baina olatuek forma ederra zuten, bai, ezker olatu borobilak lehertzen ziren.

Inoiz bertan izan gabe lekua ezagutzen dudala iruditzen zait; izan ere, zenbat filmetan ikusi dugu San Frantziskoko zubi mitikoa? Kaliforniako ikurra mundu osoan ezaguna da eta noizbait surfaren munduko hiriburu izan zen eskualdean, ez da harritzekoa edozein zokotan surflariak topatzea. Gurean ere badira zubipean altxatzen diren urautsiak eta olatu ederrak dituzten bokaleak. Bidasoa ibaian, Urumean edo Bilboko itsasadarrean. Kasu gehienetan itsaski handiak direnean jartzen dira martxan, baina horietako bakoitzak izaera propioa du.

Batzuk bodyboard egiteko egokiak dira, besteak surf taula handi batekin aritzeko hobeak dira eta, baldintzen arabera, batzuetan edozein taula motarekin gozatzeko aukera eskaintzen dutenak ere badira, baina guztiek dituzte antzekotasunak izaerari dagokionez. Ura hotza eta marroia izaten da ibai-ahoetan. Azken asteetako euriteen ostean hondartzetan ere urak izan duen kolorekoa.

Halakoetan, gainera, euriteek eta ibaiek mendietatik ekarritako egur zati handiak izaten dira uretan eta arriskutsuak dira, edozein unetan jaso baitezake surflariak ezusteko kolpe bat buruan.

Munduko zubi famatuenetako baten azpian lantzean behin altxatzen den olatuak badu gurean ditugun bokaleetako olatuekin beste antzekotasun bat. Ura marroia eta iluna da kutsatua dagoelako. Ez da lokatza, kutsaduraren kolorea da, egur kolpe batek baino kalte handiagoa eragin dezakeen ekoizkin madarikatua.