GARA Euskal Herriko egunkaria
KORONABIRUSAREN KRISIA

NAIZek jasotako bi testigantzek kolapso egoera agerian uzten dute

Pandemiaren seigarren olatuak osasun zein hezkuntza arloan sortu duen kaosari buruzko lekukotasun ugari jaso ditu NAIZek azken egunotan. Horietako bi dakartzagu orrialdeotara: oraindik negatibo eman gabe lanean den pediatra batena eta positibo izanda baja lortzeko zailtasun handiak izan dituen irakasle batena. Biak ere oso adierazgarriak.


Gabonen atarian nahasmena zabaldu da osasun etxe zein ikastetxeetan. Bietan dauden gabeziak agerian utzi ditu seigarren olatu honek. Ez erabiltzaileen ikuspuntutik soilik, jakina. Bi sektore horietan lan egiten duten pertsonen lekukotasunak jaso ditu NAIZek, kaosa salatzen dutenak. Bi ekarri ditugu artikulu honetara, adierazgarri direlakoan, ehunka kasu izan daitezkeela azpimarratuta.

Bizkaiko hiri txiki bateko pediatra bajan egon da zenbait egunez, positibo eman ondoren. Sintomarik gabe egin du etxealdia, bigarren proba baten zain. Baina egunak pasatu ahala, haren hutsunea sumatu duten zenbait gurasoren deia jaso du, ordezkapenik ez baita izan osasun-etxean. Azkenean, covida gainditu duen baieztapenik izan gabe lanera itzultzea erabaki du, artatzen dituen umeek pediatra behar dutela eta.

Sendagile honek ama bati aipatu dionez, bere kasua ez da bakarra. Gasteizen gutxienez beste kasu bat ezagutzen du. Anonimotasun osoa gorde nahi izan du, jakina. Erabaki hori premiazko egoerak bultzatuta hartu duela nabarmendu du.

Pandemian fokua ZIUetako egoeraren gainean jarrita egon bada ere, seigarren olatu honek Lehen Arretan sortu ditu zailtasun handienak. Aurreko astean Gasteizen eginiko elkarretaratze batean salatu zutenez, egunero 17 lagun hartzen ari dira aurrez aurreko kontsultetan eta beste 45 laguni telefonoz arreta ematen. Testuinguru horretan heldu da pediatra hauen erabakia; eztabaidagarria, dudarik gabe.

Beste datu larri bat: bosgarren olatuaren ondoren, txertatzeko gune handiak ixtean, 4.000 kontratu berezi bertan behera utzi zituen Osakidetzak, eta, seigarren olatuaren eztandarekin batera, 1.000 baino gutxiago berrabiatu dira, sailburuak jakinarazi duenez. Nafarroan ere antzeko arazoak daude: LABek salatu duenez, hutsune nabariak daude han-hemenka osasun-etxeetan: «Elizondo, Goizueta, Azkoien, Altsasu…».

Langile baten odisea

Bigarren testigantza hitzez hitz jasoko dugu, idatzita heldu baita. Nafarroan hezkuntza arloan lanean diharduen gasteiztar batena da eta honela hasten da: «Abenduaren 10ean, etxean egindako antigeno test batean positibo eman nuen. Ezin pentsa nezakeen, haatik, ordutik aurrerako kezkarik handienak ez zizkidala gaixotasunak berak ekarriko».

«Ostiral hartako 18.30 aldera, nire osasun-zentrora deitu eta nire positiboaren berri eman nuen, herritar zintzo orok egingo lukeena. Nirekin hitz egin zuen pertsonak, bien bitartean, abenduaren 13an (astelehenean) nire medikuak deituko zidala jakinarazi zidan. Telefono bidezko elkarrizketa horretan, nik eskola batean lan egiten dudala eta ordezkoak bidaltzeko baja beharrezko nuela argitu nien. Premia hori helarazita, baja medikuak berak baino ezin ziezadakeela eman argitu zidan. Asteburua etxealdian eman eta gero, astelehena iritsi zen eta, ustez, kontuak argitzera egin behar zuen. Astelehen goiz osoa pasa zen eta ez nuen deirik jaso», jarraitzen du. Arratsalde osoan zehar telefonoz saiatu zen eskatzen, baina sistema gainez eginda zegoen. Azkenean «nire medikua ez zen norbaitek deitu zidan: ‘Bueno, ba bajarena, zure kasua... nik ezin dut ezer egin’». Gero beste baten deia jaso zuen, aurpegiratuz «‘baina nola ez duzu bada PACera [Etengabeko Arreta Gunea] deitu?’ PACera deitu? Niri ostiralean inork ez zidan esan PACera deitu behar nuenik».

Asteartean «eskolako zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan nuen goizean. Oraindik bajarik ez nuela jakinarazi nion. Arduratuta, Nafarroako Departamentutik deia jasoa zuela komentatu zidan: zer eta lanera joan behar nintzela esan zioten. Hau da hau marka, bajarik gabe, eskolan ordezkorik gabe eta ni, koronabirusarekin, eskolara lanera bidali nahi nindutela».

«Azkenean medikuak deitu zidanean, egoera jakinarazi nion (...) Sintomak noiztik nituen galdetu zidan: ‘Abenduaren 7tik’? Horren luzarotik itxoiten egoteak harritu zuen. Baja justifikatzen zuen agiri bat eskatu nionean (postaz, Osasun Karpetara igota edo edonola), baja egoeran jarri bai, baina ez zidan baja dokumenturik eman/bidali. Haren justifikazioa bajak eurek beraiek sistema batean erregistratzen dituztela izan zen. Nik, behin eta berriz, Nafarroako Hezkuntza Departamentura baja dokumentua igo beharra nuela adierazi nion». Horiek hala, «esan gabe doa horrek, beste hainbat ondorioren artean, espediente irekiera, soldata murrizketa edota bestelako ondorio negatiboak ekar ditzakeela».

Ostegunean, azkenean, lankide honen bikotekideak osasun-zentroan baja agiria lortu ahal izan zuen: «Bien bitartean, egun bereko 19:44an aurreneko PCRa egin zidaten; etxealdiko 7. egunean eta sintomak hasi eta handik 9 egunera».

Ostiralean, «eskolan lau egun ordezkorik gabe eman eta gero, ordezko berria iritsi zen ikastetxera. Bide batez, egun horretan bertan (antigeno testean positibo eman eta 7 egunera) igo ahal izan nuen nire baja dokumentua eta nire egoera ‘legeztatu’. Goiz horretan ere, PCR proban koronabirusean positibo emana nuela jakin nuen».

Ondorio hau atera du Hezkuntzako langile honek: «Egoera honetatik penagarriena, izatez krudela den etxealdia baino, hamaika administrazio kontu eta ezintasunez zipriztindutako deiak pairatzea izan da; errudun eta arduradun sentiarazteraino. Ez dago eskubiderik ezein pertsona horrela tratatzeko. Zer gertatuko zatekeen eskolara joan izan banintz, nire eskolako zuzendariari jakinarazi zioten bezala? Norena zatekeen ardura? Hori al da baja eskubidea izatea? Hori al da eriaren kalitatezko artatzea?».