GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Neguko denboraldia hasi da

Simone Moro, Iñaki Alvarez eta Alex Txikon bigarrenez saiatuko dira Manaslu igotzen. Iaz ez bezala, ez dira bakarrik izango. Everest, K2, Cho Oyu eta Nanga Parbaten ere alpinistak arituko dira jo eta su lanean.


Abenduaren 21a. Data horrek sartu gaitu neguan aurten, eta, hortaz, neguko denboraldiari ateak zabaldu dizkio. Maiz gertatzen den bezala, Karakorumeko eta Himalaiako mendilerroek arreta berezia jasotzen dute. Eta xede handiak dituzten espedizio asko bertako kanpaleku nagusietara heldu dira. Batzuek negu ofizialaren hasierari egiten diote azpimarra berezia. Beste batzuk, berriz, negu meteorologikoan oinarritzen dira egiten dituzten jarduerak “ofizialtzeko”. Azkenengo urteotan lehertu den eztabaida da, eta soilik espezialista gutxi batzuentzat du garrantzia.

Denboraldi honetako protagonisten artean, bi euskal mendizale ditugu: Iñaki Alvarez eta Alex Txikon. Iaz bezala, Manaslu (8.163 m) izango dute helburu. Eta iaz bezala, Simone Moro sokakide izango dute. Gailurraz gain, hirukoteak Ekialdeko Pinakulua ere igo nahi du; hau da, bi tontor horiek lotu nahi ditu. Erronka hori beste sasoi batean egina dago; neguan, aldiz, ez. Horrek ez du eztabaidarik sortzen; bai, alegia, tontorraren gaiak. Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek 1984. urteko urtarrilaren 12an Manasluren puntu garaiena lortu zuten. Baina, eztabaidarekin jarraituz, espedizioa ez zuten negu astronomikoan hasi.

Covid-19ak sortzen dituen eragozpenak direla eta, Alvarez eta Txikon kanpaleku nagusira iritsi aurretik dagoen azken herrira helikopteroz joan dira. Moro, berriz, bere kabuz aritu da girora egokitzen. Gogora dezagun iazko ekinaldian gehienez ere 7.000 metroko kota erdietsi zutela: «Iazko eskarmentua kontuan hartuta, aurten lehenago abiatu gara. Konturatu ginen zenbat eta lehenago hasi, aukera gehiago izango genituela. Neguak aurrera egin ahala, elurteak ugariagoak dira eta horrek asko zailtzen du gure lana».

Iaz bakarrik egon ziren Manaslun; hasi berri den denboraldian, berriz, mendia beste hiru alpinistarekin partekatuko dute: Oswald Rodrigo Pereira portugaldar-poloniarra eta Sophie Lenaerts eta Stef Maginelle belgikarrak. Mendizaleok ez dute oxigeno gehigarririk erabiliko eta logistika soilik kanpaleku nagusira arte kontratatu dute: «Mendia ekipatzeko eta igotzeko ez dugu xerpen laguntzarik izango. Bestalde, gailurra lortu nahi badugu, Manaslun egongo garen guztiok elkarrekin egin beharko dugu lan». Txikon ere iritzi berekoa da: «Eskua luzatzeko, laguntzeko eta elkarrekin lan egiteko prest gaude».

Berriro Everesten

PJost Kobusch alemanak Everestera egingo duen espedizioari txoko berezia eskaini behar zaio. 29 urteko alpinistak munduko mendi garaiena mendebaldeko ertzetik bakarka igo nahi du. Hiru fasetan banatu du xede ikaragarri hori. Lehen ekinaldian 7.300 metrora iritsi zen. Aurtengo asmo nagusia 8.000 metroko kotara heltzea da. Eta hirugarren urtean, benetako ekinaldia egitea.

Alpinista gazteak aurrera eraman nahi duen helburua izugarria da zinez. Teknikoki zaila eta arriskutsua. Eta, jakina, ez du oxigeno artifizialik erabiliko. Horiek horrela, onartu behar zaio, beste espedizio batzuek ez bezala, neguko jardueretan ekarpen bikaina egin nahi duela. Eta, horretarako, bere burua ondo baino hobeto prestatu du.

Beste hiru

Bitxia bada ere, aurtengo neguan K2 edo Chogori mendiak (8.611 m) espedizio bakarra jasoko du. Grace Tseng taiwandarra saiatuko da munduko bigarren mendi garaienaren tontorra igotzen. Aldez aurretik egiten diren lan guztiak xerpa talde batek egingo ditu. Gogora dezagun, iaz, hamar nepaldarrez osatutako talde batek historia egin zuela Chogoriren gailurra neguan lehen aldiz eskalatu ondoren. Azken berriek diotenez, Tseng bisarekin arazoak izaten ari da.

Bien bitartean, Gelje xerpak Cho Oyuko (8.201 m) hego aurpegian bide berri bat zabaldu nahi du. Gogora dezagun, alpinista gazte hori iaz Chogorin historia egin zutenen artean zegoela eta zortzimilako guztiak igotzen mendizale gazteena bihurtu nahi duela. Eta Nanga Parbaten (8.125 m) David Gottler alemanak gidatutako espedizioa izango da. Helburua: neguan oraindik igo gabe dagoen Rupaleko isuri erraldoia (4.600 m).