GARA
IRUÑEA

Nafarroak plan bat aurkeztu du: epe motzean 157 langile kontratatuko ditu

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak atzo aurkeztu zuen Parlamentuan lehen mailako arreta zerbitzua «biziberritzeko» plana. Dokumentuak, honako hauek biltzen ditu: epe laburreko errefortzua 157 profesionalekin; 30 milioi eurotik gorako inbertsioak osasun zentroen eta kontsultategien azpiegiturak hobetzeko; pandemiagatik bertan behera utzitako jarduera propioa berreskuratzea eta irisgarritasuna hobetzea gaur egun kontsulten %74 24 ordu baino gutxiagoan artatzen dituen osasun maila honetan.

Santos Indurain Osasuneko kontseilariak eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak Parlamentuan atzo azaldu zuten dokumentua «ekarpenak jasotzeko» irekia dagoela eta azken asteotan aurkeztu dietela Osasunbideko, zientzia elkarteetako, elkargo profesionaletako, sindikatuetako, herritarren elkarteetako eta udal ordezkarietako arduradun eta profesionalei.

«Lehen mailako arreta zerbitzuaren egoera delikatua da hemen, beste erkidego batzuetan eta beste herrialde batzuetan bezala. Pandemiak arazoak eta ahuleziak azaleratu ditu, egiturazko arazoak, horien artean langileena», adierazi zuen Indurainek.

Plantilla indartu

Puntu horretan, erizaintzan 110 langile kontratatuko direla azpimarratu zuen, presio eta gainkarga asistentzial handiena duten taldeak indartzeko helburuarekin. Era berean, honako hauek kontratatuko dira: psikologiako eta osasun mentaleko hamasei profesional; bost gizarte langile; eta, berrikuntza moduan, osasun hezkuntzako edo administrazio orokorreko hamar profesional, aurrez aurreko eta telefono bidezko onarpen eta arreta arloetarako.

Azpiegiturei dagokienez, Indurainek azaldu zuen hurrengo hiru urteetan hainbat zentro jarriko direla martxan: Lezkairu (2022an amaituko da), Santa Ana-Ekialdeko Tutera (2022), Berriozar (2023), Ardoi-Zizur (2023), Cascante (2024), Zarrakaztelu (2024) eta Atarrabiakoa (2024). Gainera, bigarren fasean daude Erripagaña (proiektuaren lizitazioa 2022an), Gayarre-Tutera Mendebaldea (lizitazioa 2022an) eta Lizarra (lizitazioa 2022an) zentroak.