DEC. 23 2021 AZKEN PUNTUA Argiak Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Egunak dira Iruñea laino azpian esnatu eta oheratzen dela, nolabaiteko tristura sentsazioa eraginez, edo areagotuz. Gabonetako argiek erabat hartutako erdialdeko kaleetan ez da horrenbeste sumatzen, baina periferiako auzoetan ez dago apenas dekoraziorik. Uholdeen osteko auzolanean dabiltzanen kolore horiko txalekoak dira argien ordezko. Gasteizen, etxe pareko eraikinean, Gabon argi gutxiago ikusten omen dira. Argiaren prezioa dela eta auzokide askok arbola ez piztea erabaki omen dutela kontatu dit amak. Adineko jendea bizi den auzoko batekoa da ama eta seguru asko direla pandemiaren kariz argiak pizteko gogorik gabe geratu diren etxeak. Ondoko auzoan, berriz, argia piztuta utzi du norbaitek. Hori seinale txarra izan ohi da. Mesanotxeko lanpara itzaltzera sartu direnean ohartu dira. Seme nerabearen gorpua ohean topatu du familiak. Argia ezin ikusteaz nekatutako gazte baten gorpua. Betikoz itzali dira brillanteek eta takoidun zapatek munduari ematen zioten argia. Leihotik begira jarri naiz, lainoak baimenduta. Tristurak Zaballa aldera bideratu dit begirada. Amorruak, Bidasoa aldera zuzendu ditu nire begiak. Leihotik begira nengoela entzun dut Nerea Ibarzabalen agurra eta irri bat marraztu zait. Eta lainoa joan dadila desiratu dut, kandela bati jarraituz, denek izan dezaten etxe bat bertara iristeko.