GARA Euskal Herriko egunkaria
SAN SILVESTRE DONOSTIARRA

Bueltan da urtea lasterka eginez eta giro onean bukatzeko urteroko hitzordua


Pasa den urteko geldialdi behartuaren ostean, bueltan dira San Silvestre lasterketak. Euskal Herriko txoko ugaritan egiten dira San Silvestre lasterketak eta Donostiakoak, zehazki, 36. urteurrena beteko du datorren hilaren 31n. Atzo egin zuten aurkezpen ofiziala Donostiako Udalean eta, antolatzaileek zehaztu zutenez, 3.000 parte hartzaile baino gehiago bilduko dira. Bezperara arte egongo da izena emateko aukera, baina, adierazi zutenez, duela bi urteko lasterketak baino parte hartze apalagoa izango du aurtengoak.

Proba 16.00etan hasiko da Easo plazatik eta, ohiko zazpi kilometroko zirkuitua egin ostean (San Martin, Mirakontxa, Satrustegi, Ondarreta, Kontxa, Parte Zaharra, Gros, Bulebarra), bertan bukatuko da. Hasi aurretik eta amaitzean, musukoa janztea beharrezkoa izango dela gogoratu zuten, bai eta lasterketan zehar ere, «lasterkarien artean distantzia gorde ezin denean».

Proba mozorrotuta egiteak saria izango du eta zenbait opari eta Super Amarako bonu banatuko dituzte irabazleen eta podiuma osatzen dutenen artean. San Silvestre txikia, berriz, hilaren 26an egingo da, 11.00etatik aurrera.