GARA Euskal Herriko egunkaria

Lehorreratzeko baimenaren zain daude 788 migrante

«Geo Barents» ontziak 458 pertsona erreskatatu ditu, «Ocean Viking»-ek 114 eta «Sea Eye 4» itsasontziak 216. Guztira, 788 migrante dira, eta agintariek lehorreratzeko baimena emateko zain egunak daramatzate itsasoan. Tartean bi haur jaioberri daude. Migrante horien guztien egoera nabarmen larritzen ari dela ohartarazi zuten atzo hiru itsasontzien ardura duten gobernuz kanpoko erakundeek, eta agintarien erantzun falta salatu zuten.


Mediterraneo Zentralean 788 migratzaile inguru erreskatatu dituzten gobernuz kanpoko erakundeen hiru ontzik –“Geo Barents”, “Ocean Viking” eta “Sea Eye 4”– egunak daramatzate inguruko herrialdeek lehorreratzeko portu bat emateko zain. Atzo zain ziren oraindik eta ontzietako pertsonen egoera larritzen ari dela ohartarazi zuten itsasontzien ardura duten erakundeek. Bi haur jaioberri daude ontzietan.

Azken erreskatea Mugarik Gabeko Medikuen “Geo Barents” itsasontziak egin zuen atzo, 04.00etan, 76 pertsona eta haur ugari zituen ontzi bat aurkitu zuenean. Ordu batzuk lehenago erreskatatu zituen beste 27 migranteei batu zatzaizkien pertsona horiek. Hilaren 15ean hasi zituen “Geo Barents”-ek erreskate lanak. Bi egun geroago, ostiralean, 49 pertsonako talde bat jaso zuen gomazko ontzi batetik, tartean haurrak, larrialdi abisu bat jaso ostean. Egun batzuk geroago, asteartean, hondoratzeko arriskuan ziren beste 69 pertsona erreskatatu zituen. Libiako kostatik atera ziren migranteak, eta atxiloketa zentroetan jasandako indarkeriaren zauriak zituzten batzuek.

Mugarik Gabeko Medikuek asteazkenean 237 lagun artatu ondoren Twitterren zabaldutako bideoaren arabera, migrante bakar batek ere ez zuen salbamendu-jakarik erreskatatu zituzten unean. «Orain 458 migratzaile daude ontzian, eta joan den astean 160 migrante hil ziren Mediterraneo Zentralean, Europar Batasunaren ekintza ezaren ondorioz», salatu zuten Mugarik Gabeko Medikuek.

Sos Mediterranee gobernuz kanpoko erakundearen “Ocean Viking” ontziak erreskatatutako 114 gizon, emakume eta haurrak ere noiz lehorreratuko zain daude. «Horien artean 30 adingabe eta bi jaioberri daude, tortura eta sufrimendu egoeratik heldu dira, eta itxarote horrek mina luzatu besterik ez du egiten. Amek oso erditze zailak jasan dituzte Libian, eta sendabide medikoak behar dituzte berehala. Umeek neke seinaleak dituzte eta berehala lehorreratu behar dute», azaldu zuten Twitterren. Erreskatatu zutenean 11 egun soilik zituen haur jaioberri bat ere bada tartean.

«Sea Eye 4»

Duela bost egunetik, Alemaniako Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen “Sea Eye 4” ontzia ere zain dago itsasoan, 216 migratzailerekin. 223 pertsona zeramatzan ontzian hasieran, baina Italiako agintariek zenbait osasun ebakuazio egin ostean, 216 dira orain.

“Sea Eye 4” erreskate ontzia Italiako agintariek lehorreratzeko baimena emateko zain dago, Maltak migratzaileen ardura hartzeari uko egin eta Tunisiara bideratu ostean, portu segurua dela argudiatuta.

“Sea Eye 4” ontziak lau erreskate operazio egin zituen Maltako SAR eremuan (bilaketa eta erreskatea, ingelesez). Ontziak Maltako koordinazio zentroari eman zion bere kokapenaren berri erreskate bakoitzean, baina zentroak ez zuen inolako erantzukizunik hartu. «Ez zien gure mezu elektronikoei erantzun, eta ez zuen erreskate operazioen kontrola hartu», salatu zuten Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen arduradunek.

Nahiz eta urteko garai honetan Afrikako iparraldetik datozen migratzaileen etorrera murriztu egiten den, Libiako ezegonkortasunak ez du fenomeno hori geldiarazi. Aurten, urtarrilaren 1etik abenduaren 20ra 63.713 migratzaile iritsi dira Italiara; 2020ko aldi berean, berriz, 33.394 ailegatu ziren.