GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Astelenak irabazi du partida

Unai Lasok 17 tanto amaitu behar izan ditu ia betiaurretik ibili diren Irribarria eta Rezusta garaitzeko. Bigarren postuan berdinduta geratu dira bi bikoteak.


IRRIB.-REZUSTA 21

LASO-IMAZ 22


«Irabazi dugulako, sekulako subidoia!». Hala bota zuen Ander Imazek atzo Astelenan Irribarria eta Rezustari Unai Lasorekin 21-22 irabazi eta gero. Bizkarretako aurrelariak 17 tanto amaitu behar izan zituen Imazen laguntzarekin bi gipuzkoarrak menderatzeko. Ez da harritzekoa txapela irabazi balute baino are ospakizun beroagoa egin izana partidaren amaieran.

«Partida hasieran boladak izan dituzte gorriek beren alde, baina ez dugu etsi eta borroka egin dugu irabazi ahal izateko. Anderrek asko lagundu dit, baita nik ere Anderri, eta puntu zoragarria lortu dugu», gaineratu zuen Lasok, pozari eta euforiari eutsi ezinik.

Hala ere, partidaren garaipenik handiena Astelena frontoia izan zen. Ia bete egin zen “Katedrala” eta giroaren giroaz frontoiak ia Untzaga plazan amaitu zuen. Kantuak eta txaloak ez ezik, ikusleek bikote urdina etxeko egin zuten, gorriek baino indar gutxiago izan arren azkeneraino borroka egin baitzuten 22 tanto egin eta garaipena lortzeko. Hala, Binakako Txapelketako bigarren postuan Iribarria eta Rezustarekin berdintzea lortu zuten Lasok eta Imazek, biek ala biek launa garaipen pilatuta.

Aurrelarien soinuan

Unai Lasok 17 tanto amaitu zituen, horietatik 10 airez. Iker Irribarriak, berriz, ez zuen soilik bere ohiko kolpea erakutsi; aramarrak ere 10 tanto egin zituen, guztiak ezker boleari esker. Hutsegite gehiago egin zituen nafarrak, baina azken tantoa, ezker gantxoa, motz-motzean, Lasok berak amaitu.

Bi aurrelarien erritmoan dantzan aritzea egokitu zitzaien hala Rezustari nola Imazi. Bergarako atzelariak Oiartzungoa mendean izan zuen hamarretik zortzitan, baina Laso jokoan sartzen zenean lanak pilatzen zitzaizkion atzelari ezkerrari ere. Are gehiago partidaren erditik aurrera gozatzea askoz gehiago kosta zitzaiola aintzat hartuta.

Ander Imazek, berriz, gorriak ikusi zituen aurkarien ahalarekin. Txokotik erreboteko zulora, eta handik zabalera korrika bizian ibili behar izan zuen atzelari urdinak, ia beti gorrien mende, nahiz eta tarteka berak ere pilotakada bikainak eman. Horrez gain, ahal izan zuen guztietan aurkarien eskuin eskua bilatu zuen.

Lehertuta amaitu zuten bi atzelariek, Imazek batik bat. Baina Imaz besotan hartu eta altxatzeko kapaz izan zen Laso neurketaren amaieran. Orotara hiru pilota baino ez zituen galdu Oiartzungo atzelariak. Pilotakada bakar batean –eta eraman beharreko sake batean– baino ez zuen kale egin, aldiz, Bergarako atzelariak, baina, Lasoren magia eta Imazen erresistentzia tarteko, atzo ez zen nahikoa izan 22 tantora iritsi eta gorriek garaipena lortzeko.

«Hau dek umoria!»

Aurreneko atsedenaldira 12-10 aurretik iritsi ziren Irribarria eta Rezusta. Une horietan bazirudien gorriek partida haustea lortuko zutela, 14-10 eta 16-12 aurreratzea erdietsi baitzuten.

Hala ere, ikusleek kantatzen zutenari so eginez, «lepoan hartu ta segi aurrera» egin zuten urdinek, eta azkenean 16-16 berdintzea lortu zuten. Harritzekoa izan zen une horietan gorriek atsedenaldirik eskatu ez izana, batez ere urdinen pilotarekin Rezustari asko kostatzen zitzaiolako behar bezala gozatzea. Gorrien alde trabes egin zutenek, berriz, uste eta desio baino gehiago sufritu zuten, eta ia pilotariek adina izerdi bota.

Gorriak 18-16 aurreratu baziren ere, urdinek jokoaren ekimena eta Lasoren inspirazioa baliatu zuten 19-21eraino partidari buelta emateko. «Hau dek umoria!», Astelenako ikusleen kantua, une horietan.

Irribarriaren ezker boleak 21-21eko berdinketa ezarri zuen, ordea. Baina azken tantoan urdinek ekimena hartu zuten eta aukera izan zuen aurrenekoan, Lasok ezker gantxoz amaitu zuen Astelenako dema. Azkenean, zaleak eurak garaile.