Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Groenlandiara eginiko bidaiabereziak emaitza bikaina izan du

Sean Villanueva, Jean-Louis Wertz, Aleksej Jaruta eta Nicolas Favresse uharteko hormatzarrak esploratzen izan dira. Zabaldudituzten bideetan ez dute seguru finkorik erabili. Siren dorrean, adibidez, 8a mailako aldaera bat kateatzeko aukera izan dute.

45 egun belaontzian, 45 egun arrokan eta zortzi bide berri Groenlandian. Hori da laukote batek egindako bidaia berezia laburbiltzen duen lerroburu nagusia. Protagonistak, berriz, honako hauek dira: Sean Villanueva, Jean-Louis Wertz eta Nicolas Favresse belgikarrak eta Aleksej Jaruta suediarra.

Munduko uharte handienean ukitu gabe daude hormatzarrak esploratzera eta eskalatzera joan ziren. Inguru basati horretara joateko ez zuten ohiko garraiorik erabili. Hegazkina hartzea, behinik behin, saihestu zuten. Belaontzi bat Frantzian hartu eta egun asko itsasoan igaro ondoren, uharteko ekialdeko kostan den Kangertitivatsiag fiordora heldu ziren.

Alderdi horretan, paradisua zain zuten. Dozenaka horma, orratz eta erpin zain zituzten. Esplorazioan oinarrituta bazter guztiak arakatu eta murru erakargarriak aztertu ondoren, laukotea gai izan zen 250 eta 800 metro arteko zortzi bide berri sortzeko. Eskalatzaileok ezagututa, argi genuen marra horiek zabaltzeko erabilitako estiloa oso garbia izango zela. Eta, beste behin, ez digute kale egin; izan ere, zortzi proposamen horietan ez dute seguru finko bat bera ere jarri. Hots, iltzeak eta paraboltak “soberan” izan dituzte.

Marra guztien artean bada bat izar bezala aurkeztu behar duguna: Siren dorrean sortutako “The wall of plank”. 700 metro luze da, 16 luze ditu eta ghienez 7b+ maila eskalatu behar da. Kapsula estiloan ireki zuten, eta lan guztiak amaitzeko bost egun behar izan zituzten. Horrez gain, aldaera bat egiteko aukera ere izan zuten: “The Jaruta varation”. 8a zailtasuna du, eta Jaruta bera izan zen sekzio hori kateatzeko gai izan zen bakarra.

“The wall of plank” bidea izan zen lan gehiena eskatu ziena, eta hori diogu beste proposamen batzuetan oso azkar jardun zutelako. “The Olympic speed climbing records”-en, adibidez, Villanuevak eta Wertzek soilik zortzi ordu behar izan zituzten 550 metro, 10 luze eta gehienez 7a+ zailtasuneko bidea igo ahal izateko.

Groenlandiako alderdi horretan jardun eta gero, belaontzia berriro hartu eta etxera itzuli zen laukotea. Bertatik bueltan, Favressek honako hausnarketa hau egin digu: «Hiru hilabetez abiadura azkarrean bizi den mundutik erabat deskonektatuta egon gara. Eta onartu behar dut trantsizioa ez dela batere erraza izan. Baina, emeki-emeki, teknologiara berriro egokitzen hasi gara. Atlantikoan egindako zeharkaldia espero bezain zaila izan zen. Hainbat herrialdetan geldialdiak egiten lortu dugu helburua betetzea: Islandian, Eskozian eta Irlandan. Ekaitz bortitzek behartu gintuzten geldialdiok egitera. Itsasoan denbora luzea egin genuen, eta, gure helburura iritsi eta lurra ukitu genuenean, egundoko lasaitasuna hartu genuen. Alabaina, belaontzian egin dugun joan-etorri horrek bizitza beste era batera begiratzeko lagundu digu. Eskalatzen aritu garen fiordoa, bestalde, ederra eta basatia da. Hormatzarrak atsegin dituztenek inguru amaiezin bat aurkituko dute bertan».

«Espedizio garbia»

Arestian aipatu dugu bidaia berezia izan zela, eta, hain zuzen ere, Favressek berak gai hori lehen lerroan jarri nahi izan du: «Groenlandiako ekialdeko itsasertzak betidanik erakarri nau, murru luzeak eskalatzeko aukera zabala eskaintzen baitu. Horrez gain, abentura hutsa izan da bizi izan duguna. Pandemiak eragindako egoerak aldez aurreko planifikazio guztia bertan behera utz dezake, eta ez genuen batere gogorik hegazkin txartelak behin eta berriro aldatzeko. Horregatik guztiagatik, laurok ikusi genuen une oso aproposa zela espedizio lasai eta mantso bat egiteko. Belaontzian sartu eta nabigatzen hastea falta zitzaigun soilik».

Aipatu dugun fiordora iritsi bezain laster, kanpalekua antolatu zuten. Mythics izeneko zirkuan lau bide berri zabaldu eta gero (tartean, “The wall of plank”), kayakak hartu eta fiordoaren barru-barrura sartu ziren. Ukitu gabeko inguru horretan beste lau marra sortu zituzten.

Eskalatu dituzten bideei dagokionez, eskalatzaile belgikarrak adierazi du igoera bakoitza oso ezberdin bizi izan zutela: «Ezaugarri nahiko antzekoak zituzten, baina arrokaren kalitatea asko aldatzen zen. ‘Dady´s sweet tooht’ (800 m, 7b+) aipatu nahiko nuke. Aurretik genuen erronka ia zoroa zen; zalantzarik gabe egin dugun bidaiaren unerik arriskutsuena izan zen. Oso gogoan dut luze batean bizi izan genuen esperientzia latza. Oso-oso beldurgarria izan zen. Sekzioa gainditzeko arazorik ez genuen berez, baina harkaitzaren kalitatea txarra baino txarragoa zen. Helduleku bat ukitu eta puskatu egiten zen. Aitzitik, luze horretatik onik atera ginen. Eta, hain zuzen ere, momentu horietan ohartzen zara arrakasta lortzen duzunean, horri balioa eman behar diozula. Laurok argi genuen inguru basati batean istripu bat izateak ondorio oso larriak izan zitzakeela. Izan genuen ezusteko bakarra, baina, ez zen larria izan, ez behintzat hil ala bizikoa. ‘The chastety belt of Sean’ bidean (250 m, 6c), Seanek eroriko oso txarra izan zuen. Orkatila bihurritu eta hiru lotailu hautsi zituen».

Laukoteari eskalada guztietan oso eraginkorra izan zela onartu behar zaio. “The wall of plank”-erako bost egun behar izan zituzten, eta gainerako bideak ordu gutxi batzuetan eskalatu zituzten: «Siren dorreko marra ikusterakoan, erabat harrituta geratu ginen. 700 metro oso tente ziren, itxura batean arras gogorrak. Horregatik jardun genuen kapsula estiloan. Bide batez aipatu behar dut bide horrek goi mailako artesiak dituela. Bestalde, esan behar dugu eskalada horretarako motxiletan iltzeak eta paraboltak sartu genituela. Baina gu estilo garbiarekin guztiz konprometituta gaude, eta ikusi genuen seguru finko horiek gabe gai izango ginela goitik ateratzeko».

Eskalatzaile belgikarrek espedizio guztietara musika tresnak eramaten dituzte, eta Groenlandiakoan ere ez zituzten etxean ahantzita utzi: «Guretzat musikak berebiziko garrantzia du. Musikari esker, burua bere tokian izatea eta jarrera positiboa mantentzea lortzen dugu. Elkarrekin jotzen dugunean, gure artean oso giro ona sortzen da. Gure arteko harremanak asko zaintzen ditugu. Lagun minak izan gaitezke, bai, baina saiatzen gara motibazioari eusteko ahalik eta sintonia egokiena lortzen. Den-denok izan behar dugu mentalitate bera; horrela erdietsiko duzu oreka».

Belaontzian eginiko hurbilketa bideari (eta itzulerari) dagokionez, Favressek baieztatu du bidaiatzeko era horrek asko laguntzen duela: «Nik ez dut zalantzarik; nabigatzeko prozesu horrek plus bat eman dio espedizioari. Egun asko elkarrekin egiten dituzu belaontzian, eta horrek motibazioa indartzeko asko balio du. Nabigatzen ari zaren bitartean, gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Baita begiratu ere. Ez da hegazkinez bidaiatzea bezala: txartel bat erosi eta ordu batzuen buruan helmugan zaude. Esker onekoa da nabigatzea. Eta horrek asko bete gaitu».