Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN LIGA

Gabi Meskonytek 2023ra arte jarraituko du Gernikan

Talde bizkaitarrak beste bi urtez luzatu dio kontratua hegaleko lituaniarrari,nahiz eta ezker belauneko lesio larri batetik osatzen ari den 23 urteko jokalaria.

«Olentzeroren opari» gisa azaldu zuen Lointek Gernika Bizkaiak atzo goizean Gabija Meskonyte hegalekoaren kontratu luzatzea. Printzipioz, jokalari lituaniarrak 2023ra arte jarraituko du Gernikan, nahiz eta klubak badaukan 2024ra arte kontratua luzatzeko eskubidea, bere webgunean azaldu zuenari jaramon eginez gero.

Hogeita hiru urteko Gabija Meskonytek ezin izan du Lointek Gernika Bizkaiarekin partida ofizialik jokatu, ezker belauneko lotailu gurutzatuko plastia erabat hautsi baitzuen 2021/22 denboraldia hasi bezperan.

Are gehiago, Euskal Kopaz geroztik ezin izan du jokatu, nahiz eta, berez, joan den udan bertan behar bezala egin zioten ebakuntza ezker belaun malapartatu hartan.

Lastima da, hegaleko lituaniarrak oso itxura ona eman baitzuen denboraldiaurreko neurketetan. Hori dela eta, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak taldean mantentzea deliberatu zuen eta oso ohikoa izan da Meskonyte Malosteko aulkian bere taldekideak animatzen ikustea. Bien bitartean, klubeko mediku zerbitzuen aginduetara lanean jarraitzen du, aipatu lesiotik osatze bidean, nahiz eta oraindik denbora beharko duen.

Ez da, bestalde, aurreneko aldia talde gernikarrak, min hartuta egon arren, jokalari bati kontratua luzatzen diona; izan ere, 2019ko udan Juana Molina-Prados eskoltarekin halaxe jokatu zuen, nahiz eta Gaztela-Mantxako jokalariak artean “triada” beldurgarria jasan.

Lesio larriak Euroligan

Tamalez, azken egunetan lesio larriek zipriztindu dute saskibaloiaren mundua, Euroligari lotuta bereziki. Hala, Istanbulgo Fenerbahçe taldeak bere bi izar nagusiak, Nando de Colo eta Jan Vesely, galdu ditu, biak lesionatu egin baitziren Asvel Villeurbanne talde frantsesaren aurkako partidan.

Nando de Colok ebakuntza gelatik igaro behar izan zuen ezker eskuko bigarren metakarpo hezurra hautsi zitzaiolako, eta, printzipioz, zortzi eta hamar aste bitartean egongo da osatzen antolatzaile frantsesa.

Bestalde, Jan Vesely txekiar pibotak orkatila bihurritu zuen eta Fenerbahçek berak bere webgunean aditzera eman duenaren arabera, sei bat aste eman ditzake kantxetatik kanpo.

Moskuko CSKA ere asko ari da sufritzen lesioei dagokienez. Aurrez Marius Grigonis, Clyburn eta Milutinovek arazo fisikoak gainditu behar izan bazituzten, asteburuan Daniel Hackett antolatzaile italiarrak hartu du min, VTB Ligako partida jokatzen ari zela.

Alabaina, “Eurohoops” webgune espezializatuak atzo arratsaldean aditzera eman zuenez, uste baino lesio arinagoa jasan zuen Dimitris Itoudisen antolatzaile titularrak. Orkatilako bihurritua besterik ez omen du italiar jokalariak eta, hala, egun gutxiren buruan jokatzeko moduan egon beharko luke Hackettek, nahiz eta asteazkenean Olympiacosen aurkako partidan ezingo duen parte hartu.

Baldwin, jardunaldiko MVPa

Euroligari lotuta, pasa den jardunaldiko jokalari onenaren saria Bitci Baskoniako Wade Baldwin antolatzailearentzat izan da, Armani Milano eta Zalgirisen arteko norgehiagoka jokatzeko dagoen arren.

Gasteiztarrek Municheko Bayerni joan den ostegunean 76-81 irabazi zieten partidan, New Jerseyko jokalariak 30 puntu saskiratu zituen eta 6 errebote harrapatu zituen, eta orotara 33ko balorazioa pilatu zuen Saski Baskoniarekin orain arte jokatu duen partidarik biribilenean.