GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Salaverrik Mariezkurrena ordezkatuko du Tolosan

Lehen mailan bi ordezkapen baino ez dira izan lehen itzulian, promoziokoan, aldiz, zazpi ordezko aritu dira.


Etzi hasiko da Tolosan Binakako txapelketaren zazpigarren jardunaldia, lehen fase luze honen ekuatorea, hain zuzen, eta partida horretan bertan txapelketa osoan zehar izan den bigarren ordezkapena gertatuko da, Ruben Salaverrik bere eskuin eskua gorde nahi duen Jon Mariezkurrenaren hutsunea beteko baitu, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta liderren aurka, Erik Jakaren atzelari gisa.

Azken asteetan arazoekin aritu da atzelari nafarra bere eskuin eskuan eta larunbat honetan Iruñean Ezkurdia eta Tolosaren aurka garaipen garrantzitsu bat eskuratu ondoren –ostegunean jokatuta gainera errekuperaziorako denbora gutxiago izango du– eta nahiago izan du aste honetan atsedena hartu bigarren itzulia bete betean hasi ahal izateko.

Zorionez, alor horretan nahikoa txapelketa lasaia izaten ari da aurtengoa, orain arte Jokin Altuna izan baita, hau ere eskuko arazoekin –kasu horretan ezkerrean–, partida bat bertan behera utzi duen bakarra. Aste bakarra eman zuen amezketarrak jokatu gabe, nahiz eta aurreko astean onartu zuen bueltatzeko erabakia azkar xamar hartu zuela eta hobe zukeela Urdulizen ere atseden hartu izan balu –22-4 galdu zuten Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka–.

Ordezkoentzat aukera gutxi

Gauzak horrela, lehendik ere partidaren bat jokatzeko aukera gutxi zuen txapelketetatik at geratu den pilotari multzo horrentzat aukerak are murritzagoak izaten ari dira azkenaldian. Kasu honetan, gainera, Baikok promozio mailan ari zen pilotari baten aldeko hautua egin du, atzo bertan Bilbon aritu zen Aretxabaletaren aukera, esaterako, baztertuta. Larrazabalekin ari da Fuenmayorrekoa bigarren mailakoan eta ostegunean lehen mailan aritu ostean, igandean promoziokoan arituko da, Victor eta Gaskueren aurka Donostian.

Koadroak asko murriztu badira ere, azken urteetan ordezkatze kopuruak ere nabarmen egin du behera, pilotarien urteko partida kopuruak ere nabarmen murriztu diren eran. Azken urteetako lehen itzuliei begirada bat bota ezkero, iaz zazpi jardunaldietan hiru ordezkatze izan ziren, nahiz eta Artolak lesio larri xamar bat izan ondoren –zuntz haustura bat, izterrean– eta Oinatz Bengoetxeak zazpi astez hartu behar izan zuen alegiarraren lekua.

2020an ere bi ordezkapen baino ez ziren izan lehen itzulian eta bietan Aretxabaleta sartu zen Mariezkurrena eta Urrutikoetxearen ordez. Markinarrari sarri xamar egokitu zaio halako lanetan aritu beharra eta 2019an egondako hiru ordezkatzeetako batean aritu zen, Larunberen ordez. 2018an ere beste hiru aldaketa izan ziren eta Aretxabaletari txanpon beraren bi aldetan egotea egokitu zitzaion, berak Ladis Galarzaren lekua hartu baitzuen, baina handik hiru astera Ibai Zabalak ordezkatu behar izan zuen, berak ere min hartu zuelako.

Azkenaldiko urterik txarrena, zalantzarik gabe, 2017ko txapelketa izan zen, zazpi jardunalditan sei ordezkatze ere izan baitziren. Gainera, bi jardunalditan bikote oso bat ordezkatu behar izan zuten eta Aitor Mendizabalek eta Xabi Tolosak Jokin Altuna eta Abel Barriolaren ordez jokatu zuten.

Promozio txapelketan, aldiz, ordezkapenak askoz ere ugariagoak izan dira eta jokatutako sei jardunaldietan zazpi pilotarik ere egin behar izan dituzte ordezkapen lanak; Erasunek, Dariok, Peio Etxeberriak, Elordik, Bikuñak, Arteagak eta Ladis Galarzak, horietariko batzuk pilotari bat baino gehiago ordezkatuz gainera. Bakaikoa-Elizegi eta Salaberria-Erostarbe, hobekien sailkatutakoak, dira ordezkapenik izan ez dutenak eta aste honetan titular guztiak jokatzeko moduan dira, printzipioz.