DEC. 28 2021 BERROGEI URTE MARTXAN DARAMAN ZENTRAL BATEAN «ISTRIPU ARINA» Tritio isuria Frantziako zentral zaharren zerrendan dagoen Tricastinen EDF frantziar argindar konpainiak abenduaren 21ean jakinarazi zion Segurtasun Nuklearrerako Agintaritzari Tricastineko zentralean hilabete erditsuan izan zen tritio isurketa. Zentral zaharrenetakoen zerrendan agertzen da Tricastin. Hilabetean bigarren ezbeharra da, abenduaren 16an jakin zenetik arrakalak azaldu zirela Civauxeko zentralean. Maite UBIRIA BEAUMONT BAIONA Eguberriko giroak mugatu egin du, neurri handi batean, Frantziako zentral nuklear zaharrenen zerrendan agertzen den Tricastineko plantan gertaturiko ezbeharrak izan duen oihartzuna. Abenduaren 21ean jakinarazi zion EDF argindar konpainiak Segurtasun Nuklearrerako Agintaritzari (ANSN) «abendua erditsuan» zentralean antzeman zen tritio isurketa. Enpresak emandako informazioaren arabera tritio isurketa zentraleko putzu batean gertatu zen, baina «ez zitzaion geruza freatikoari eragin». «Abenduaren 11n 8.000 becquerel/litro tritio neurtu ziren, baina abenduaren 12an gorakada handia izan zen: 28.900 becquerel/litro», zehaztu zuen enpresak ANSN egiturari igorritako txostenean. EDFk adierazi zuenez, erradioaktibitate maila aski azkar apaldu zen, egun gutxian 11.000 becquerel/litro mailan kokatu zelako. Izan ere, “Mediapart” hedabide digitalaren arabera, «kutsadurarik ez dagoenean tritio maila 1 eta 2 becquerel/litro artekoa izaten da uretan». Edonola ere, tritio isurketak ez zuela «osasun ondoriorik» izan ziurtatu zuen EDFko zuzendaritzak. Era berean, ingurumenean kutsadurak eragin zezakeen kaltea gutxietsi egin zuen argindar enpresak, eta nabarmendu zuen lurpeko putzua babesten duen betoizko geruzak isolatu zuela isurketaren eragin eremua. Istripu nuklearraren larritasuna neurtzeko eskalan “0” mailan kokatu zuen gertutakoa. Alta, orain urte pare bat antzeko istripua gertatu zen Tricastinen. Ondoko hilabeteetan oraindik ere kutsadura erradioaktiboa bazela ondorioztatu zuten garaian eginiko azterketek. Bizitza luzatzeko aukera Tricastineko zentrala Avignon eta Valence artean dago, Estatu frantsesaren hego-ekialdean. 1974an hasi ziren zentrala eraikitzen, baina 1980ra arte ez zuten erreaktorea piztu. Geroztik martxan izan da iaz berrogei urte bete dituen zentrala. 2018ko azaroan, Emmanuel Macron frantziar presidenteak egin zuen iragarpenari so eginez gero, 2035. urtean beranduenez Estatu frantsesean dauden 58 erreaktore nuklearretatik hamalau itxiko dituzte. Tartean dago Tricastineko zentrala. Dagoeneko Fessenheim zentraleko bigarren erreaktorea itzaltzeko prozedura abian da. Iazko ekainean abiatu zuten 2040an amaituta behar lukeen itzalketa prozesua. Tricastineko zentralaz gain duela lau hamarkada zabaldu zituzten Bugey, Gravelines, Dampierre, Cruas, Chinon, Saint-Laurent eta Blaiako zentralak azaltzen ziren Macronek plazaraturiko bilduman. Azken zentral hori, Blaiakoa, Euskal Herritik hurbilen dagoen instalazio atomikoa da. Zehazki Baionatik 236 kilomerotara kokatzen da, Girondako departamenduan (Akitania Berria). Joan zen mendeko 80ko hamarkadan martxan jarri ziren zentralen bizitza luzatzeko atea zabalik utzi zuen, otsailean, Macronek. Horren ondotik, azaroan plazaratu zuen 2030erako ekonomia berpizteko egitasmoan, «txikiagoak eta efizienteagoak» liratekeen bospasei erreaktore berri eraikitzeko aukera iragarri zuen frantses presidenteak, burujabetza energetikoa aldarrikatuz. Bide batez europar eraikuntzan aliatu duen Alemaniako gobernuarekin alderatuta oso bestelako bidea hautatu zuen frantses agintariak. Energiaren hornikuntzan aurten bizi izan den krisia baliatu du Eliseoko maizterrak bere iritzi aldaketa agerian jartzeko. Bestalde, oraindik goiz bada ere jakiteko Tricastinen jazotako gertakariak zer albo kalte izanen dituen, nabarmendu behar da hori abenduan izandako bigarren istripua dela. Abenduaren 16an jakin zen Akitania Berrian dagoen Civauxeko zentral nuklearrean arrakalak agertu zirela. Poitiers inguruan dagoen zentralean jazotako gertakariak eragin zinez kaltegarria izan zuen EDF argindar konpainiarentzat. Haren akzioek %15ko beherakada izan zuten burtsan, apustu nuklearrak dituen mugak oroitarazi baitzuen istripuak. Are gehiago, aintzat hartzen bada Tricastineko zentral zaharra ez bezala, Civauxeko erreaktorea berrienetarikoa dela, 1997an jarri baitzen martxan. ALDAKETA 2018an egin zuen iragarpena erabat zalantzan jarri gabe ere, gaur egun ez du baztertzen zenbait zentral zaharren bizitza luzatzea azaroan erreaktore berriak eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen Macronek. HUTSUNEAK Hexagonoko hego-ekialdean kokatutako Tricastineko zentrala zaharra da, baina abenduaren 16an, erreaktore berriago batean, Civauxen, arrakalak agertu ziren. Ondorioz burtsan kolpe handia jaso zuen EDFk.