GARA
BIGARREN MAILA

Covid-19 kasuak, Sanse, Eibar eta Amorebietan

Eibar taldeko sei jokalari etxean bakartuta daude igandean eginiko koronabirus probetan positibo eman ostean; Amorebietaren kasuan, hiru jokalari daude covid-19arekin eta Sanseko zazpi jokalari. Guztiak ere ondo eta egoera onean daudela jakinarazi zuten.

Ostiral honetan jokatuko dute gainera hiru taldeek. Batetik, derbi gipuzkoarra jokatuko da Ipuruan Eibar eta Sanseren artean. Garitanok zein Alonsok benetan zailtasunak izango dituzte taldea osatzeko, izan ere talde armaginean dozena erdi jokalari daude bakartuta eta donostiarren kasuan zazpi. Realeko bigarren taldean atzo eginiko probetan ez zen positibo berririk antzeman baina Gabonetako oporretan eginiko PCR probetan antzeman zituzten zazpiak. Bietako inork ez du jakinarazi etxean bakartuta dauden jokalarien nortasuna.

Amorebietaren kasuan, positiboen kopurua murritzagoa da (hiru kasu) baina, nolanahi ere, talde zornotzarrari gehiago zaildu zaio Burgosera egin behar duen bisita (ostiralean, 16.00etan, El Plantion). Bizkaitarrak igandean itzuli ziren entrenamenduetara hurrengo partida prestatu asmoz, eta orduan egin zituzten PCR probetan hiru jokalarik eman dute positibo.

Bigarren itzulia abiatuko dute ostiral honetan hiru euskal taldeek. Puntuak banaka-banaka batzen, postu batzuk eskalatu dituzte zornotzarrek, nahiz eta oraindik ere jaitsieran dagoen, salbaziotik lau puntura.

Derbi gipuzkoarra

Bigarren itzuliari hasiera emateko, aipatu derbi gipuzkoarra ere izango du urteko azken egunak. Ipuruak Sanseren bisita jasoko du ostiralean, hilak 31, 16.15ean.

Egoera oso ezberdinean iritsiko dira bi taldeak lehia horretara: Garitanoren Eibar igoera zuzeneko postuan dago –bigarren sailkatua da– eta azken zortzi partidetatik bakarra galdu du, Zaragozaren aurka kanpoan. Ipuruan galdu gabe dago lehen jardunalditik.

Xabi Alonsoren Sanse, ordea, azkenaurreko sailkatua da Bigarren Mailako sailkapenean, bost porrot jarraian izan ondoren.

Lehen itzuliko norgehiagoka, Anoetan jokaturikoa, Eibarrek irabazi zuen (2-3).