Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Nepaldar alpinistek Manasluko bigarren kanpalekua antolatu dute

Alex Txikonen taldea kanpaleku nagusian dagoen bitartean, nepaldarrez osatutako espedizioa puntu horretara iritsi da.

Zortzimilakoetan neguko denboraldiak astebete egin du, eta mendi garai horietan dauden espedizioen erritmoa oso ezberdina da. Manaslun, behinik behin, hasi dira lanak aurreratzen. Gogoratu behar dugu, denera, hiru taldek egin dutela bat zortzimilako horren oinarrizko kanpalekuan. Alex Txikonen espedizioaz gain, Oswald Rodrigo Pereirarena eta nepaldarrez osatutako beste bat elkartu dira.

Eta jasotako informazioen arabera, progresio nahiko azkarra egiten ari dira. Azken talde horrek, hots, nepaldar alpinistez osatutakoak, oso lan txukuna egin berri du. Chhepal Sherpa da burua, eta harekin Tenjin, Pasang Norbu, Gyalu eta Thinduk taldekideak ari dira lanean. Zalantzarik gabe, alpinistok eskarmentu handia eta luzea dute.

Xede batzuk Txikonekin berarekin partekatu dituzte; besteak beste, Everesten eta K2 edo Chogorin. Bada, nepaldarrek urrats garrantzitsua sinatu berri dute jadanik bigarren kanpalekua atondu eta gero.

Manasluko kanpaleku nagusitik diotenez, hiru taldeek bat egin dute mendia ekipatzeko. Lan horiek, gainera, era koordinatuan egiten ari dira; hau da, urratsa zabaldu eta soka finkatu elkarrekin egiten ari dira. Eta astebeteko lan horretan, nepaldarrak gai izan dira bigarren kanpalekura heltzeko.

Txikonen taldeak eta Pereirak ere lehen kanpalekuan gaua igarotzea erdietsi dute. Une honetan oinarrizko kanpalekuan daude; izan ere, lehen kanpalekura iritsi eta eguraldia erabat okertu zen.

Hori joan den igandean izan zen. Elurra mara-mara erortzen hasi zen, eta atzera egitea erabaki zuten. Eguraldi iragarpenek diote elurte handi batekin ezegonkortasun hori laster amaituko dela. Hiru espedizioak beldur dira elurraren geruza zinez handitu delako, baina, aurreratu dugun bezala, datozen egunetan eguraldi leiho on luze bat izango omen dute.