GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Aretxabaletari egokitu zaio Zabaleta sufritzea


ELEZKANO-ZABAL 22

JAKA-ARETXABA 11


Elezkano II.ak eta Zabaletak seigarren puntua bildu zuten atzo Binakako Txapelketako ligaxkan, Tolosan Jaka eta Aretxabaletari 22-11 irabazi ondoren. Neurketako berrikuntza Andoni Aretxabaletaren partaidetza izan zen. Berez Ruben Salaverrik jokatu behar zuen eskua minduta duen Mariezkurrenaren ordez, baina atzelari errioxarrak positibo eman du covid-19an eta azken orduan Markinakoari deitu zioten.

Eta ez zitzaion egun errazena egokitu Aretxabaletari txapelketan sartzeko, neurriko aurkaririk topatu ezinik dabilen Jose Javier Zabaletari aurre egin behar izan baitzion. Edo horretan saiatu, esan beharko dugu, Etxarrengo atzelaria atzo ere jaun eta jabe izan zelako Beotibarren. Sekulako nagusitasuna erakutsi zuen nafarrak bere kolpe apartarekin, baina hori bakarrik ez, defentsan ere bikain ibili zen, aurreko zuloan pilota zailak eramanez eta atzean ere airez ongi defendatuz. Pilota bakar bat ere galdu gabe amaitu zuen norgehiagoka eta eginak hiru apuntatu genizkion.

Egindako horietako bat 5-4koa izan zen, seguruenik partidako tanto onena. Gorriak nagusi izan ziren, baina urdinek defentsa bikaina erakutsi zuten, pilota oso zailak eramanez, eta azkenean Zabaletak berak amaitu zuen tantoa dejada eder batekin.

Hain zuzen ere, lehen tanto horietan parekotasun apur bat egon zen markagailuan. Erik Jaka asko asmatzen hasi zen eta 2-4 ere aurreratu ziren urdinak. Baina hortik aurrera Zabaletaren erakustaldia hasi zen eta urdinen asmo on guztiak pikutara joan ziren. Aretxabaletak ez zuen gaizki jokatu, baina atzeko zuloan sartuta egon zen etengabe, eta aurrean Jakak aukera gutxi izan zituen.