GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Plaza eta kaleak hartu eta presoen etorbide bihurtu


Sarek euskal presoak kaleratzeko urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa zen manifestazio erraldoia bertan behera utzi du. Egun berean, herrietako plazak betetzera deitu du. Egoera epidemiologikoak bultzatuta hartu du erabakia, erantzukizunez jokatuta. Bilboko urteroko hitzordua ez da izango, baina deialdiak biderkatuko dira, Euskal Herriko hiri eta herrietara zabalduz. Mobilizazio jendetsua espero da, baina ez espazio berean. Mobilizatzeko arrazoiek hor segitzen dute, herri honetan barruraino sartzen den labankada garden bihurtuta, minen eta ezinen poligrafo. Herritarren kontzientzia mailukatzen duen auzia da. Hori badakite Madrilen, horregatik erabiltzen dute arma gisa: herri abertzalearen konfiantza propioak husteko, borondate kolektiboa likidatzeko.

Euskal presoei ezarritako politikak aspaldi lausotu zituen justiziaren eta mendekuaren arteko mugak. Kalkulu hotz eta zital batek gidatzen du. Presoak kaleratzeko giltza itsaso hondora bota dutela pentsarazi nahi digute, zirrikiturik ez dagoela sinetsarazi. Itxaropena galtzera eraman nahi gaituzte. Iragan jakin bat izan duten presoek ez dutela etorkizunik izateko eskubiderik onartzera. Presoak kaleratzeke, urteen joan-etorrian, tristurak jota nahi dute mantendu herri hau, giroa pattal, frustrazio puntu betiereko batekin.

Presoak kalera atera behar dira. Hori da egin behar dena. Egiteko geratzen direnetan, hori da lehentasunetan lehentasun. Eta hartara, zein mugimendu, urrats eta indar metaketa behar diren hausnartu behar da, eta egin beharrekoak egin. Herriarekin bat eta munduaren aurrean, maila eta ardura guztietan. Txisparekin, zehatz eta gauzagarri diren urratsekin, apustu guztiak inperfektuak eta bukatu gabeak direla jakitun. Jendetza batuko da urtarrilaren 8an Euskal Herriko plaza eta kaleetan. Hunkigarria izango da, sentimenduak eta obligazioak su eginda izango dituzte herritar askok. Plazak eta kaleak betetzera deitu da, presoak kalera ateratzeko. Bihurtu ditzagun etorbide.