GARA Euskal Herriko egunkaria

Etorkinek ez dute urte hasiera onik Mediterraneo itsasoan


Mediterraneoko etorkinen tragediak ez du etenik urte berriarekin. Oraingoan Almeriako kostaldean izan da. Espainiako Itsas Salbamenduak eta Guardia Zibilaren itsas zerbitzuak hamasei pertsona erreskatatu zituzten eta uretan hiru gorpu atzeman, atzo goizaldean 29 etorkin zeramatzaten bi txalupa hondoratu ondoren. Gutxienez, hamar pertsona zeuden desagertuta.

Ezbeharra Almerian dagoen Gatako Lurmuturretik hego-ekialdera gertatu zen, hamabost miliatara. Goizaldeko 01.45ean “Spica” merkantzia ontziak uretan zenbait lagunen garrasiak entzun zituen.

Itsas Salbamenduak itsasontzi bat eta helikoptero bat bidali zituen bertara eta Guardia Zibilaren patruilariekin elkarlanean guztiz hondoratuta zegoen txalupa batetik hiru hildako atzeman zituzten. Bigarren txalupa ere erdi hondoratuta zegoen.

Bizirik ateratakoek ziurtatu zutenez patera batean hamazazpi etorkin zihoazen, eta hamabi bestean. Hala ere, soilik hamasei lagun erreskatatu zituzten, guztiak magrebtarrak eta gizonak, emakume bat izan ezik. Hiru, airez, Almeriako aireportura eraman behar izan zituzten eta gero Torrecardenaseko ospitalera, hipotermiak jota.

Salbamenduko zerbitzuek desagertutako hamar etorkinen gorpuen bila jarraitzen zuten.

Urte bukaeran ere hiru lagun hil ziren Almeriako kostaldera iritsi nahian, eta 2021ean, guztira, 2.000tik gora hildako zenbatu dituzte.