GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskolara itzulera presentziala izango da


Hezkuntza etapa guztietako ikasleak presentzialtasun erregimenean itzuliko dira ikasgeletara Hego Euskal Herrian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe askotan ostiralean, urtarrilak 7, itzuliko dira geletara Gabonetako oporren ostean. Nafarroan, aldiz, astelehenean izango da klasera buelta.

Espainiar Gobernuak eta autonomia erkidegoek atzo adostu zuten itzulera hori presentziala izango dela. Erabakia Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluak, Hezkuntzako Kontseilu Sektorialak eta Unibertsitate Politikaren Konferentzia Nagusiak Moncloa jauregian egindako bileran hartu zen. Osasuneko, Hezkuntzako eta Unibertsitateko espainiar ministroek prentsaurrekoa eskainiko zuten segidan, adostutakoaren berri xehetasun handiagoz emateko.

Eskoletan presentzialtasuna mantentzearen alde agertu zen Carlos Gimen Nafarroako Hezkuntza kontseilaria ere. Gimenok etxetik hartu zuen parte atzoko bileran, konfinatuta baitago. Nafarroako hezkuntza sisteman «konfiantza» duela adierazi zuen, eta pandemian zehar profesionalak «ahalegin handia eta etengabea» egiten ari direla nabarmendu zuen. Kontseilariaren iritziz, aurrez aurreko hezkuntza «ordezkaezina eta eztabaidaezina» da gure hezkuntza sisteman eta gizartean, «bai ezagutzak eskuratzeko bitarteko gisa, bai belaunaldi, gizarte profil eta familia profil desberdinen arteko kalitate handiko sozializazio gune gisa».

«Ezagutzak eta balioak eskuratzeko funtsezkoa da eskola, baina baita adingabeen emozioak hobetzeko eta uneotako zalantzak eta urruntze soziala murrizteko ere», azpimarratu zuen Gimenok.

Pilar Alegria Hezkuntza ministroak nabarmendu zuenez, itzulera presentziala da «aukerarik onena», eta protokoloak «zorrotz betez» gauzatuko da.