Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Errealitatea ezkutatzeko datuak

Garoñako segurtasun perimetroaren barnean kokatutako herri batekoak ditut gurasoak. Beti iruditu zait kuriosoa izendapena, segurtasun ezaren perimetroa izango bailitzateke termino egokiagoa. Haurtzarotik orain arte herrian denboraldi luzeak eman ditugunok, hiriko kutsaduratik, zaratatik eta presetatik urrun bizitzeak dituen onurak bizi izan ditugu. Gogoan dut baina, orain bi hamarkada baino gehiago, talde ekologista batek energia nuklearraren inguruan eta zehazki Garoñari buruz atetarako txostena. Bertan jasotzen zenez, zentralaren perimetroko herrietan minbizi kasuen tasa izugarri handia zen erkidegoaren batezbestekoarekin alderatuz gero. Datu horiek kasik ez zuten oihartzunik izan. Gehien bat adineko jendea bizi zen lurraldea da Añana. Eta nork harritu behar zuen Arabako eremu ahaztu bateko zaharren heriotzengatik? Han denbora luzez bizi izan ginen gazteak erroldatuta ez egoteagatik salbu bageunde bezala...

Energia nuklearrari berdea izendapena jarri nahi zaionean oroitu naiz txosten horrekin. Datu horiek gaur plazaratuko balira zer oihartzun izanen luketen pentsatzen aritu naiz. Ez dakit zerbait aldatzeko balioko luketen, edo, urte amaieran Irundik igaro diren 7.000 migratzaileen datua jakin dugunean bezala jokatuko genukeen. Denak berdin jarrai dezan irakurriko ditugun datuak, alegia.