EDITORIALA
EDITORIALA

Etxegabeek ere merezi dute arreta egokia

Hainbat gizarte taldek atzo salatu zutenez, abenduaren 31n Moussa senegaldarra hil zen. Urteak zeramatzan Irunen kalean bizitzen, eta oso ezaguna zen bertan. Arnas gutxiegitasun baten ondorioz hil zen, baina ezin izan da egiaztatu heriotza covidak eragin zuenik. Ulertezina da gizarte aberats eta aurreratu batean kalean urteak daramatzaten pertsonak egotea. Are ulergaitzagoa norbait inolako arretarik jaso gabe gaixotu eta hil ahal izatea.

Azpimarratu behar da, gainera, kasu honetan erakundeek ez zekitela ezer gertatutakoaz. Hori bai, harrigarria da zein azkar jakiten duten, Atxurin gertatu den bezala, etxegabeek kantxa batzuk erabiltzen dituztenean lo egiteko. Kasu horietan, erakundeek berehala hartu ohi dituzte neurriak, eta, gehienetan, nahiko zorrotzak gainera. Kalean bizi diren pertsonen bizitza oztopatu nahi denean, agintariek berehala aurkitzen dute erabiltzen dituzten espazioak ixteko modua, batez ere horiek hirien erdigunean edo leku jendetsuetan daudenean. Erakundeentzat garrantzitsuena gure hirietan etxegabeak daudela begi bistakoa ez izatea da. Politika horrek izen zehatz bat du: aporofobia. Premiazkoa da erakundeen jarrera negargarri horrekin amaitzea eta hiritar guztiei behar bezalako arreta ematen hastea.

Negu betean gara dagoeneko eta etxegabeen bizi baldintzak askoz ere zailagoak izaten dira hilabeteotan. Euria eta tenperatura baxuak zailtasun gehigarriak dira. Negu honetan baliabiderik ez duten pertsona horiei guztiei arreta emateko orduan ikuspegi instituzional askoz gizatiarragoa gailentzea desiragarria litzateke. Sen ona ratioen edo tenperatura mugen gainetik jartzea, gaixotasunak edo hotzak eraginda kalean hildakoei buruz berriro hitz egin behar ez izateko. Gizarte honek baditu horretarako nahikoa baliabide. Gizarte erakundeak eta herritarrak horretan ari dira. Erakundeetako arduradunek ere erronkaren mailan egon behar dute.