Arnaitz GORRITI
ATLETISMOA

Mugerza krosa bueltan da «inurri lanari» esker

«Iazko hutsunearen ondotik, inurri lana eginda bueltatu da Elgoibarko Juan Mugerza krosa», aipatu zuten atzo Elgoibarko udaletxean 78. Juan Mugerza krosaren aurkezpen ekitaldian.

Covid-19aren erruz iaz bertan behera geratu behar izan zen lasterketa, baina, urtebete geroago, dena prest da igandean berriz ere Mintxetako zirkuitura lokatza eta ikusleen animoak itzultzeko. «Lokatza gustatzen zaigu eta, subjektiboa banaiz ere, niretzat munduko krosik politena da Elgoibarkoa eta pozgarria da berriz ere martxan ikustea», adierazi zuen Mintxeta Atletismo Taldeko Zigor Diezek.

Kategoria guztiak aintzat hartuta, 11 nazionalitateko 700-800 atleta inguru bilduko dira igandean Mintxetako azken urteetako ohiko zirkuituan. Eliteko probetan 150 korrikalari inguru arituko dira, betiere covid-19aren aurkako neurrien protokoloaren barnean. Emakumeen lasterketa 12.30ean hasiko da eta 13.15ean gizonezkoena. Bi lasterketok ETBk eskainiko ditu zuzenean.

«Emakumeen proban esfortzu handia egin dugu. Helen Obiri, 2019ko eta 2020ko txapelduna, agenda kontuak direla-eta ez da Elgoibarren izango, baina 2019an Elgoibarren bigarren egin zuen Beatrice Chepkoech etorriko da. 3.000 metroko oztopodun lasterketako munduko txapelduna da eta Tokioko Olinpiar Jokoetan laugarren izan zen. Chepkoechekin batera, 2020an Elgoibarren bigarren eta hirugarren izan ziren Kenyako Beatrice Chebet eta Eva Cherono ere izango dira Elgoibarren, baita Ugandako Esther Chebet eta Prisca Chesang edo Kenyko Edinah Jebitok ere, iaz Venta de Bañosen txapeldun izan zena», laburbildu zuen Mintxeta Atletismo Taldeko kideak.

Gizonei dagokienez, Eritreako Aron Kifle da faborito. «2020an hirugarren izan zen Elgoibarren eta sasoi bikainean da. Tokion 5.000 metrotan ia brontzea lortu zuen Kenyako Nicholas Kipkorir Kimeli edo Amos Serem junior mailan 3.000 metroko oztopodun probako munduko txapelduna ere badatoz», gaineratu zuen Diezek.

Antolakuntzaren arabera, «osasun aldetik proba segurua izango da». Atleta guztiek PCR negatibo bat izan beharko dute parte hartzeko. Mintxetako harmailen %75 bete ahal izango dira eta une oro musukoa eraman beharko dute ikusleek. Ez da, aldiz, covid ziurtagiririk eskatuko.