Andoni ARABAOLAZA
JARDUERA

Eskoziako neguko eskaladak bikain eta oso «bero» hasi dira

Joan den abenduaren 5ean, Graham McGrath, Hamish Frost eta Greg Boswellek Bein Eighe izeneko eremuan «Take Me Back to theDesert» bidearen lehen igoera egin zuten. Trad estiloko marra horrek Eskoziako eskalan IX, 9 maila du; gurean, berriz, M8+.

Trad estiloak sustraiak oso sendo ditu Britainia Handian eta bere ingurumenean. Eskalada kultura horri ez diote muzin egiten; are gehiago esango genuke: eskalada tradizionala bultzatzen gogor jarraitzen dute. Neguko jarduerei dagokienez, Eskozia izaten da “geltoki” nagusia. Ia bakarra. Eta hango alderdi ezberdinetan alpinista “atzerritarrak” ez dira ia ikusten. Eta ez da harritzekoa; izan ere, oso luzeak ez diren eskalada horiek bereziak dira oso. Izotzean eskalatzen dute, baina batez ere zailtasuneko eskaladetan antzigarra eta mistoa nagusi izaten dira. Eta, jakina, trad estiloa denez, paraboltek eta antzeko seguru finkoek ez dute lekurik. Hots, konpromisoak eta arriskuak lehentasuna dute.

Dagoeneko, denboraldi berria hasi da, eta, Eskoziatik bertatik jakinarazi dutenez, eskalada oso onak egiten ari dira. Zerrenda horretatik bat aukeratuko dugu; batetik, lehen igoera izan delako eta, bestetik, zailtasun handikoa delako. Graham McGrath, Hamish Frost eta Greg Boswell izan dira protagonistak. Bada, hirukote horrek Bein Eighe izeneko eremuan “Take Me Back to the Desert” bidearen lehen igoera erdietsi du. Zailtasunari dagokionez, Eskoziako eskalan IX, 9 maila jarri diote. Gurean, berriz, M8+ izango litzateke.

Boswellek berak onartu du bide hori zabaltzeko asmoa berak bultzatu zuela: «Alderdi hori ezagutzen dut. Bide bat baino gehiago dago, baina marra berri posible bat, ukitu gabekoa, ikusi nuen. Berez, Far East Wall izeneko murruan eskalatu nahi nuen, baina jabetu nintzen oso baldintza eskasetan zegoela. Gertu dagoen beste horma batera, Eastern Ramparts Butress-era, hurbildu ginen, eta han igo gabe zegoen arku itxurako sabai erakargarri bat ikusi genuen. Bidearen oinarrian geundela, sabai horrekin erabat harrapatuta geratu nintzen. Ez genekien zabaldu ditugun hiru luze horiek aldez aurretik eskalatuta ote zeuden. Azkenean, baieztatu digute eroria duen bide horretan gu izan garela lehenak».

Boswellek onartu du sabai hori oso erakargarria egin zitzaiola, baina gehitu du Frost kideari “beldur” pixka bat ematen ziola: «Hamish-entzat denboraldiko lehen eskalada zen, eta ez zuen batere gogorik Eskoziako neguko jarduera gogor batean borrokatzeko. Nik esan nion geure buruak babesteko iltzeren bat jartzeko aukera izango genuela. Eta, modu batera edo bestera, konbentzitu nuen».

Bigarrena, giltza

Arestian aipatu dugunez, ingurumari hartan dauden bideak ez dira oso luzeak. Hirukote horrek ireki berri duenak, adibidez, soilik hiru luze ditu. Lehenari dagokionez, Boswellek dio oso teknikoa dela: «Lehen metro horien izaera guretzat oso ohikoa da. Pioletek zein kranpoiek lan ederra egin behar izan zuten, baina bagenekien bigarren luzea giltza izango zela. Beraz, lehendabiziko horretan nahiko lasai joan ginen».

Bidearen giltza iritsi eta Boswell sokaburu jarri zen. Eskalatzaile honek aitortu du bigarren luzea deserosoa dela, eta konpromiso handia eskatzen duela: «Onartu behar du babesteko leku egokiak bazeudela. Gertatzen dena da tresneria hori jartzen buruhauste bat baino gehiago izan nuela; oso zaila zen. Zorionez, metro batzuetan zailtasuna arindu zen, eta tresneria hori jartzeko aukera batzuk izan nituen. Azken metroak, berriz, zailtasunean iraunkorrak eta teknikoak izan ziren. Gainera, sekzio hori nik espero nuen baino askoz ere tenteagoa izan zen. Marra horren sekretuak askatzeko lan eskerga egin behar izan nuen. Eta hori lortzen zorte handia izan nuen; izan ere, nire besaurreak lehertzeko zorian zeuden».

Hirugarren eta azken luzean McGrath izan zen buru. Mugimendu teknikoak ditu, baina zailtasunean askoz ere samurragoa da.