GARA Euskal Herriko egunkaria
GOLFA

Jon Rahmek bigarren postu bikainarekin hasi du urtea

Ia hiru hilabetez torneo ofizialik jokatu gabe egon ostean, Barrikakoa maila ederrean itzuli da lehiara.


Jon Rahm bizkaitarrak hasiera ezin hobea eman dio urte berriari, asteburuan Hawaiin jokatu den Champions Tournament entzutetsuan bigarren amaituta. Barrikakoa Cameron Smith australiarrarekin berdinduta iritsi zen azken jardunaldira, baina azkenean garaipena ozeaniarrarentzat izan zen kolpe bakarreko aldearekin.

Smithek 258 kolperekin amaitu zuen (34 parraren azpitik) eta Rahmek 259rekin (-33). Australiarrak PGA zirkuituko errekor berria ezarri zuen, orain arte Pat Perez estatubatuarra baitzen parraren azpitik kolpe gehien lortutako irabazlea, 2009an -33 batekin Bob Hope Classic torneoa bereganatu zuenean.

Hawaiiko txapelketako azken jardunaldian Cameron Smith hobeto hasi zen eta lehen erdian lau birdie eginda bi kolpeko abantaila hartu zuen. 11. zuloan Rahm izan zen birdie bat egin eta kolpe batera ipini zena, baina hortik aurrera eta lehiaketa amaitu arte biek kolpe kopuru berbera errepikatu zuten.

Hirugarren postua Matt Jones australiarrarentzat izan zen, azken itzuli ikusgarria sinatuz. Bi eagle lortu zituen eta zortzi birdie. Une jakin batean Jon Rahmekin berdinduta egotera ere iritsi zen, baina ibilbideko azken zuloan bizkaitarrak lortutako birdieak berdinketa hori hautsi egin zuen.

«Oso intentsoa izan da. Jonnyk (Rahm) eta biok oso ongi jokatu dugu egun osoan. Gainera, Matty (Jones) ere taldean izan dugu eta ikusten genuen goraka zetorrela. Sekulako jardunaldia izan da, ez dut berehala ahaztuko, hori ziur», aipatu zuen irabazleak lehiaketa amaitu ostean. «Rahm munduko golf-jokalari onena da, eta arrazoi asko daude hori azaltzeko. Oso erraz jokatzen du eta kolpe bakoitza nahi duen lekuan ipintzen du. Horregatik, oso pozgarria da niretzat hemen irabazi ahal izatea eta indarra emango dit aurrera begira», gehitu zuen.

Munduko rankingari dagokionez, Collin Morikawa estatubatuarrak esana zuen Rahmi lehen postua kentzeko helburuarekin iritsi zela Hawaiira, baina azkenean ez zuen lortu. Morikawak bere egunik onenarekin itxi zuen lehiaketa (62 kolpe), baina ezin izan zuen bosgarren postutik igo eta bigarren jarraituko du munduko onenen zerrendan. Justin Thomas estatubatuarrak hiru postu igo ditu eta bosgarren kokatu da.