Ane URKIRI ANSOLA
BERA BERA

Etenalditik bueltan, Zonzamas «aurkari egokiena»

Munduko txapelketa zela, Gabonetako oporrak zirela... Bera Berak zein Zuazok kasik bi hilabeteko atsedenaldia izan dute Ohorezko Mailako txapelketan. Asteburu honetan ekingo diote lehiari biek, aurkari oso ezberdinen aurkako norgehiagokekin. Bizkaitarrek laugarren sailkatua den Malaga hartuko dute bihar 19.30ean Lasesarren; donostiarrek, aldiz, oraindik puntu bakar bat bera ere batu ez duen Zonzamas Lanzaroteri bisita egingo diote igandean, 12.00etan (Euskal Herriko orduan).

Bera Berak larunbatean bidaiatuko du Kanarietara, soilik jokalari bat gaixo daukala. Entrenamenduetarako itzuleran zazpi covid-19 kasu atzeman ziren taldean –sei jokalari eta bigarren entrenatzailea–, baina iganderako kasik guztiak berreskuratuko ditu Imanol Alvarez entrenatzaileak, berak atzoko prentsaurrekoan aurreratu legez. Gainera, Maddi Aalla atezaina ere bueltan da orkatilako lesioa ondo osatu ostean.

«Taldea ondo ikusten dut, gogotsu», adierazi zuen entrenatzaile ermuarrak. Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, ulertzekoa den legez, taldea nola lehiatuko den «zalantza» batzuk egon daitezkeela ere onartu du, baina gogorarazi du historikoki Bera Berari «ondo etorri izan zaizkiola etenaldi luzeak». 

Azken sailkatuaren aurka jokatuko du talde donostiarrak, txapelketako liderrak, oraindik partida bat ere galdu gabeak, baina Alvarezek adi egon behar dutela ohartarazi du; Porriñoko partida jarri du adibidetzat –berdindu egin zuten–. Zonzamas Lanzarotek talde galiziarraren aurka asteon jokaturiko partida ona ere goraipatu du, hain zuzen ere: «Partida parekatua izan zen atsedenaldira arte». 

Onartu du «aurkari egokia» izan daitekeela taldea erritmoa hartu, zalantzak uxatu eta akatsak zuzentzen joateko, ezinbestean, tartean Morvedreko partida ere badagoen arren, Rocasaren aurkako lehiara begira daudelako. Goialdeko norgehiagoka izango den horretara, baina, orain daukaten hiru puntuko aldearekin edo handiagoarekin iritsi nahi du Alvarezek, eta horretarako «Lanzaroteko zein Morvedreko bi puntuak ere garrantzitsuak dira».

Azaroan taldeak erakutsi zuen maila altua ikusi nahi du teknikariak eta, nola ez, hobetzen jarraitu. Defentsan «sendoago» aritzeko aukera ikusten du, gero hain ondo menderatzen dituzten korrikaldiak egiteko.