Etsai berri bat
Klima aldaketa modan dagoen garai hauetan, oso ohikoa egin zaigu han eta hemen karbono dioxidoaren inguruan irakurri, entzun edota hitz egitea. Gaur, ordea, azken asteetan kezka handi samarra sortzen hasia den gas «berri» bat aipatzeari komenigarri deritzot. Gas hori metanoa da. CH4 gisa ezaguna dena. Baina zergatik sortzen du kezka?
Karbono dioxidoarekin alderatuz, 220 aldiz metano gutxiago dago atmosferan barrena, baina azkenengo urte eta hilabeteetan bere kopurua oso azkar areagotzen ari da. Metanoak beroa harrapatzeko karbono dioxidoak baino 23 aldiz kapazitate handiagoa dauka. Beraz, metano kantitatea oso azkar handituz gero, berotegi efektua asko areagotuko litzateke, mundu mailako tenperatura orain baino azkarrago berotuz.
Metano isuriak hainbat lekutatik sortzen dira: nekazaritza eta abeltzaintzatik, non isurien %32 suposatzen duen; petrolio eta gas isurietatik, non %23 suposatzen duen; zabortegietatik, non isurien %20 hartzen duen, etabar.
Azkenaldian permafrost-aren urtzeak ere metano kantitate izugarriak isuri ditu Artikoan, eta horrek zientzialarien kezka nabarmen areagotu du.
Argi dago isurketen ehuneko polit bat ekidin daitekeela benetako politika ekologikoak aurrera eramanda. Norbanakoari tokatzen zaiona ahalik eta gehien birziklatzea eta garraio publikoaren aldeko apustua da. Zain dezagun Lurra.