EDITORIALA
EDITORIALA

Inpunitatearen burbuila sastatu da Alonsotegin

EH Bilduk herri akusazio bezala aurkeztu zituen probak Bizkaiako Auzitegiak ontzat eman ondoren, bihar hasiko da Alonsotegiko ustelkeria kasuaren epaiketa. 2003tik 2011ra herriak izan zituen EAJko alkate guztiak inputatu dituzte, herri lan faltsuak egiteagatik, diru eskaerak eta fakturak faltsutzeagatik, kontratazio iruzurtiak egiteagatik. Alonsotegi Eraikiz bezalako pantaila parainstituzional batek ustelkeriaren mekanikari estaldura eman zion. Eta dirudienez, Euzko Alderdi Jeltzaleak bazuen ezagutza eta interesa gauzak horrela egin zitezen. Alonsotegin bakarrik ote zen ala praktika orokortuagoa, galdera hor dago askoren gogoan; edo egun, sofistikatuago agian, indarrean segitzen duen.

Zigorgabetasun burbuila batean bizi izan da urte luzez Alonsotegiko Udala. Ezker abertzalea ilegalizatuta zegoela, herri fiskalizazioa udaleko oposiziotik egiterik ez zela ongi baliatu zuten agintariek. Euskal Herrian udal mailan ezagutu den ustelkeria eta nepotismo kasu inportanteenetako baten aurrean gaude, zantzu guztien arabera. Eta aitorpena merezi dute, denbora luzez, etsi gabe, egia eta justizia bilatzen jardun dutenek, xahutu diren diruak herrira bueltatzea helburu. Esfortzu horregatik ez balitz, eraiki zen ustelkeriaren sistema eraisten hainbeste urtez lan egin ez balute, ez zen epaiketara iristea posible izango.

Akatsa litzateke pentsatzea epaiketa batek, dakarren zigorra edo zigor eza dena delakoa izanda ere, ustelkeriaren arazoa konponduko duenik. Azpian kultura oso bat dago, hamarkada luzez gobernuan etenik gabe izateak ematen duen jabetza sentimendua eta sinesmena. Herri baten garapena arau eta ideia argi, moderno eta objektiboek gidatu behar dute, alkate baten kapritxotik harago, boterea kontzentratu gabe, ustelkeriari egiten zaion gonbidapena delako hori. Baina Alonsotegikoak lagundu dezake. Ustelkeria kasu honek txinparta piztu eta argia eskain dezake, herrien garapen eta gobernuan, behingoagatik, zentzu ona eta gardentasuna gailendu daitezen.