GARA
BILBO

Gurutzetako langileek Larrialdien egoera «kritikoa» salatuko dute ostegunean

Gurutzetako Larrialdietako langileek elkarretaratzea egingo dute heldu den ostegunean, zerbitzu horrek bizi duen egoera «kritikoa» salatzeko, eta, besteak beste, profesional gehiago kontratatu ditzatela eskatzeko, horrela ospitalean dagoen eskaerari erantzun ahal izateko.

Bizkaiko osasun zentro nagusia den Gurutzetako hainbat langilek, horien artean zeladoreak, erizainak eta laguntzaileak, Gurutzetako Larrialdietako Asanblada osatu dute, zerbitzu horretako egoera ikusarazteko, aztertzeko eta hobekuntzak proposatzeko. Alde horretatik, atzo gogora ekarri zutenez, bi urte daramatzagu jada covidaren pandemiak jota, eta, egungo testuinguru gogorrean, osasun zerbitzuak «etengabe» daude guztion begiradapean.

Behin hori esanda, adierazi zuten gizarteak «osasun sistema indartsua eta erabat kohesionatua» behar duela, «egoerari aurre egiteko eta ohiko zein ezohiko beharrei erantzuteko». Profesionalon aburuz, «ezinbestekoa da geratzeko etorri den errealitate honetara egokitzea», eta, bide horretan, «zerbitzuaren eta profesionalen beharrei erantzungo dieten aldaketak egikaritzea», betiere, «pazienteen zaintzaren hobe beharrez».

Hiru eskaera nagusi

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladako kideek, «covidaren bost olatuen ostean», leziorik ikasi ez izana eta egoera hobetzeko ekimenak ez ezartzea leporatzen diete osasun arduradunei. Eta, hori ikusita, hiru eskaera nagusi egiten dituzte. Alde batetik, «kalitatezko formakuntza» eskatzen dute, zerbitzu zehatz horrek eskatzen duen gisakoa, hain zuzen. Bestetik, lanaren «dinamizazioa» galdegiten dute, lan egiteko «protokoloak eta jarraibideak» ondo zehaztuz. Eta hirugarren puntu gisa, langile gehiago kontratatzea aldarrikatzen dute, unibertsitate ospitaleak duen artatze kopuruari egokitu ahal izateko.

«Larrialdietako ateak beti egongo dira zabalik, baina nahiko genuke haien atzean zuek artatzeko jende nahikoa egotea, munduko lanik ederrena errespetuz eta duintasunez egin ahal izateko», gaineratzen du Asanbladak Gurutzetako zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonei zuzendutako mezuan.