GARA Euskal Herriko egunkaria

Alaitz Arenzanak hartu du Zinegoak jaialdiaren lidergoa


Bilboko Zinegoak LGTBI+ zinemaren eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiaren zuzendaritza Alaitz Arenzana artistak hartu du. Otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da jaialdiaren 19. edizioa eta eman dituzte jada ezagutzera aurtengo lan ildo nagusiak. Esaterako, aurtengo edizioa osasun neurrietara egokituta egingo da, eta jaialdiak «mundura zabaltzeko, bere burua erakusteko, berrizendatzeko eta identifikatzeko beharra aldarrikatuko du, ezarritako etiketarik gabe». Hori dela eta, lesbianismoa eta sexu aniztasuna euskaraz izendatzeko moduak aipatzen dituzten hainbat kartelek osatuko dute jaialdiaren irudia, “marioker”, “lumatza”, “soropila”, “kapaza” edo “kuir” bezalako hitzekin.

Epe eta ertainera begira bere helburuak berrikusi nahi ditu Zinegoak jaialdiak, erronka berrietara egokituz. Norabide horretan kokatzen da hain zuzen ere Alaitz Arenzana zuzendari artistikoren izendapena, azken hiru urteotan zuzendaritza taldean egon ostean, Pau Guillenen lekukoa jasota.

Arenzana Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan. Zinegoakeko zuzendari kargua hartu duen lehen emakumea da eta, atzo adierazi zuenez, «jaialdia aberasteko lanean jarraituko dut, behar-beharrezkoa delako sexu, identitate eta genero aniztasunaren alde lanean jarraitzea».