Nerea GOTI
BILBO

Nazio Kontseilu berri bat, independentziarako indarrak gehitzea helburu

Nazio Kontseilu berriko kideak aurkeztuta, Sortuk hurrengo bost urteetan jarraitu beharreko ildo politikoa berretsi zuen atzo, Bilboko Bizkaia frontoian, hirugarren kongresuaren itxiera ekitaldian.

Sortuk bere hirugarren kongresua itxi zuen atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, zuzendaritza osatuko duten kideak aurkeztuta eta hurrengo bost urteetan indar subiranistaren ekintza politikoa gidatuko duten ildoak berretsita.

Militantziaren babes zabalarekin (%89) Arkaitz Rodriguez buru izango duen Nazio Idazkaritza Nuria Alzugaraik (idazkari teknikoa), Oihana San Vicentek (Barne koordinatzailea), David Plak (Norabideratze Estrategikorako Gunearen arduraduna), Itsasne Fernandezek (Barne antolaketa), Kizkitza Gil de San Vicentek (Ekintza politikoa), Xabi Iraolak (Herrigintza), Gotzon Elizburuk (Komunikazioa), Elena Belokik (Nazioartea) eta Haimar Altunak (Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordea) osatzen dute.

Herrialdeetako ordezkaritzari dagokionez, Lur Albizu izango da Nafarroako arduraduna; Jon Iker Aramendi, Arabakoa; Aitor Servier, Ipar Euskal Herrikoa; Paul Laka, Bizkaikoa, eta Aritz Arzallus, Gipuzkoakoa.

Nazio Kontseiluak beste hamar kide izango dirtu: Aiora Epelde, Ane Sainz-Espiga, Asier Zamorano, David Oroz, Eli Zubiaga, Haizea Kortaberria, Ibai Redondo, Iker Alcedo, Karlos Monteagudo, Txoli Mateos, Maddi Isasi, Gotzon Amaro, Amaia Etxabe, Clara Rouget eta Gorka Mayo. 

Covidaren aurkako neurriak betez, edukiera mugatua izan zuen batzarrak eta CO2a monitorizatzeko sistema jarrita egin zen. Guztira 800 militante bildu ziren pilotalekuan, bide telematikoetatik ere jarraitu ahal izan zen ekitaldian.

Hurrengo bost urteetarako Sorturen ekintza politikoaren gakoak azaltzean, zuzendaritza berriak azpimarratu zuen «indepentziarako indarrak metatu eta biderkatzeko» lana ardatzetako bat izango dela, jakinik borroka ezberdinek «ezinbesteko» dutela nazio askapena. «Herri bulkada suspertzea» beste ardatz bat izango da, Sorturen «aktibo politiko eta militantea askapen prozesuaren zerbitzura jarrita», herriarekin batera lanean, betiko eremuetan eta «orain arte sekula aritu gabekoetan ere bai».

Euskal Herriko ezkerreko alderdien eta sindikatuen ordezkaritzekin batera, eragile sozialetako ordezkaritzak eta nazioarteko hainbat alderditakoak izan ziren batzarrean.